Jon Legarda
Jon Legarda

"Industriaren digitalizazioa"

2018/11/20
Asko entzuten da azken aldian digitalizazioaren aro berri baten gaudela. Uste nuen 80ko hamarkadan izan genuela jada gure digitalizazioa kaseteak eta binilozko diskoak desagertzen hasi zirenean. Zer gertatzen ari da orain ba? Zer aldatu da?

Gure inguruan gertatzen dena neurtzeko edo ezagutzeko gaitasuna ez da aldatu. Fenomeno fisikoak edo kimikoak zenbaki edo datu digital bihurtzeko sentsore teknologiak urteak daramatza garatzen eta produktu komertzial ugari eskura ditugu. Testu, ahots eta irudien digitalizazioa ere ez da gaur egungo zientzia bakarrik, hamarkadak dira arlo hauek garatzen ari direla. Beste alde batetik, inteligentzia artifizialaren atzean dauden teknologiak ere ez dira oraingoak. Aspaldi ditugu sare neuronalak eta antzeko teknika matematiko-estatistikoak ikerlarien eta industriaren esku. Beraz, zerk bultzatu gaitu orain iraultza honetara?

Hiru izan daitezke arrazoi teknologiko garrantzitsuenak (teknologikoak ez diren bezte arrazoiak ere baditugu). Bat, datu tamaina haundiak Interneten kudeatzeko teknologiaren garapena (cloud computing eta Big Data deritzon tresnak); bi, datuak transmititzeko gaitasunaren hobekuntza; eta hiru, datuak lantzeko behar den konputazio teknologiaren beherapenak.

Guzti honek zer eskaintzen digu? Datu ugariagoak eta desberdinagoak edozein momentutan eta edozein lekutan edukita, inteligentzia artifizialen teknikek emaitza ezin hobeak eman diezaguketela. Honi esker, gai gara begi-bistan daukagun baina ulertzen ez dugun errealitatea ezagutzeko, hobetzeko eta zer gertatuko den aurreikusteko. Printzipio hau edozein industriari aplikatu diezaiokegu, bai prozesuak, bai produktuak edo zerbitzuak hobetuz edo berriak sortuz.

Adibide erraz batekin ikus dezakegu zer lortzen ari garen gu DeustoTech-en industria baten digitalizazioari esker. Kasu honetan, jokoaren inguruan dabilen enpresa batekin, baina ludopatia kasuak garatu ez daitezen nahi duen enpresa batekin. Guk, euren zerbitzua erabiltzen duten pertsonen artean jakin ahal dezakegu ez nork, baizik non, noiz eta zein baldintzapean gerta daitezkeen ludopatia ereduak. Honek, onura izugarria ekarri dezake bai enpresarentzat (industriaren irudia hobetuz) bai gizartearentzat ere (ludopatia kasuak murriztuz). Guzti hori posible da momentuan gertatzen diren datu kantitate haundien kudeaketari eta inteligentzia artifizialen teknikei esker, eta noski DeustoTech-en gauden ikerlari bikainei esker, ze demontre.