Lorea Arakistain
Lorea Arakistain

"Internet sakona eta internet iluna"

2017/03/02

Dark Internet edo Internet iluna merkatu handia da, merkatu ilun bezain beltz eta handia. Erraztasun handiz eta anonimoki salerosten da, batez ere, legez kanpoko droga. Ordaintzen da bitcoinekin eta mezulari edo posta bidez bidaltzen da demagun Asiako laborategi batetik gure etxera.
Droga ez  ezezik salerosten dira lapurtutako txartelen datuak 5 eta 30 euro artean, datu-kopuruaren eta txartelaren kredituaren arabera. Baita gauza larriagoak ere pornorgrafia, armak eta gorputzeko organuak kasu.
Internet iluna Internet sakonaren zati txiki bat baino ez da. Deep Internet edo Internet sakona esaten zaio ohiko bilatzaileetan agertzen ez den horri, Google eta horrelakoetan zerrendatuta ez dagoenari. Internet osoaren %90 eta %97 artean.
Horren guztiaren zati handi bat publikoak ez diren loturak edo fitxategiak dira. Gmailen pasahitz peko atala, adibidez; hau da, bilatzaileek ez dituzte gure mezu elektronikoak indexatzen.
Beste zati batera iristeko, ordea, ohiko nabigatzailea baino zerbait gehiago behar da. Horietara iristeko nabigatzaile ezagunena Tor da, espioitza edo zentsura bariko internet posible egin nahi lukeen proiektua.
Internet sakonak ahalbidetu ditu WikiLeaks, Panamako paperak eta beste hainbat kazetaritza lan eta eztabaida ideologiko.
Ezin ukatuko diogu Internet sakonari ilunaren zama. Baina aitortu beharko diogu bere izateko arrazoia Google eta Facebookentzat doan lan egiten dugun honetan. Gobernuek haien herritarren byte bakoitza zelatatzearekin nahikoa ez eta mozal legea eskutan txioak ere zigortzen dituztenean. Pribatutasun ezak adierazpen askatasunari ere eraso dionean.