Mikel Arrillaga
Mikel Arrillaga

Iparra Arraten

2025/07/11

Hamaika mendi buelta egin nituen Deporrarekin gazteagoa nintzenean. Mapa ematen ziguten testu eta guzti; halere, sarri ibiltzen ginen galduta bueltaka, buztana galdutako sugandilaren antzera: 

- Ez dut uste hemendik denik, aurreko bidegurutzean gorantza hartu behar genuen.- Seguru zaude? Zer jartzen du paperak? Ea... “dejar las marcas blancas y rojas y coger las blancas y rojas. -Ados, berriro leporaino igoko gara, ea handik den... Gaur egun pentsaezina da hori gertatzea; ibiltari adina trackmankulu agertuko da zalantzarik txikienean, zein baino zein zehatzagoa. Orain bidean ez gara galduko, baina garbi daukat iparra galdu dugula: mendira joatearen esentzia eta xarma, alegia. 

Poliki-poliki gertatzen da: Aspaldi hasi ginen benetako esnea utzi eta kartoizko kutxetan datorren likido txuri eskas hori edaten. Orain, sarri ikusiko dugu geure burua alkoholik gabeko garagardo moduko hori edaten, edo okerragoa: Coca Cola Zero. Azukrerik ez dauka. Zer daukan? Auskalo! Akabatu berdin akabatuko gaitu, baina, hori bai, kaloriarik gabe, argal. Hurrengo fase batean supermerkatuan sartuko gara, eta zer erosiko dugu? Aurrez egindako patata-tortilla. Gainera, jan eta hurrengo egunean nori eta amari esango diogu: ama, ez dakizu zein goxoa zegoen Mercadonako patata-tortilla. Akabo, iparra, ama, akabo dena. Gero alferrik da esatea: Baina, ama, zurea askoz goxoagoa e!!! 

Ekainaren 27an, Arraten egon ondoren pentsatu dut honetan guztian. Deitu iparra, deitu esentzia, deitu benetakotasuna, deitu oinarria, bi hitzetan, deitu Gure Zirkua. Zirrara, miresmena, poza, ilusioa, oilo ipurdia, zerbaiten parte sentitzea... Zenbat bizipen zoragarri ordu eta hiru laurdenean... Bene-benetako ikuskizuna, geure-geurea. Mila esker, bihotzez. Jarraitu iparra non dagoen gogora ekartzen, eta arriskuak arrisku ez sekula zeuena galdu. Sharivari, Sharivari...