"Oldarraldiak eta koldarraldiak"
Agintariek Ukrainaren alde hitz egiten zuten etengabe, elkartasuna adierazten zioten herrialdeari uneoro, eta bestelako edozein iruzkin egiten zuena Errusiaren aldekotzat jotzen zuten.
Israelek aspaldi okupatu zuen Palestina. Ordutik Gazako biztanleak egoera tamalgarrian bizi dira, itsasoaren, harresiaren eta basamortuaren erdian harrapatuta, eskubiderik gabe eta errepresio latza jasaten, giza laguntzen mende. Azken asteotan sekulako sarraskia egiten ari da Israel, ospitaleak botatzerainokoa. Argindarrik, urik eta erregairik gabe utzi ditu palestinarrak. Ikaragarria.
Pentsa zitekeen, genozidioaren aurrean, hemengo agintariek gogor hitz egingo zutela Israelen eta Netanyahuren aurka, azken hori Putinen deabru mailara igotzeraino. Pentsa zitekeen Palestinaren aldeko elkartasuna bultzatuko zutela ere... Ez ba... kontrakoa ikusi dugu; galdetu bestela Ipurua futbol zelaitik bota zuten morroiari. Are gehiago, Israelen defentsarako eskubidea aldarrikatu zuten.
Boterea eta indarra daukanak erabili egiten du uneko interesen arabera, horixe da kontua. Espainiako epaile ultrek ere euskarari egurra ematen diote; desagerrarazi egin nahi dute, badakitelako euskarak egiten gaituela herri. Joango gara manifara azaroaren 4an, botako ditugu oihu batzuk, baina ezer gutxirako balioko du, epaileek hain garbi daukaten horretaz geu jabetu eta erabaki irmoak hartzen ez ditugun bitartean.