Olatz Etxeberria
Olatz Etxeberria

"Irisgarritasuna Eibarren"

2019/04/01
Argi dago hauteskundeak ate joka ditugula, egunero esnatzen baikara herrian egin behar den beste obra berriren baten albistearekin. Zentzuzko edonork ikus dezake hori. Baina kritika eta kointzidentziak alde batera lagata, garrantzitsuena da Eibarren herritarren bizi kalitatea hobetzeko lanak egiten direla. Zer demontre axola du obrak noiz egingo diren, agian lehenago egin beharreko obrak dira eta… baina badatoz eta aurreikusita daude herria birmoldatzen joateko. Hori da onena. Hor daukagu igogailuen kasua; laster egongo da zabalik Julian Etxeberria kalea eta Jardiñeta lotuko dituena, adibidez. Badakizue zenbat jendek erabiliko duen instalazio hori eskoletara joateko? Ez da auzokideentzat bakarrik, herri guztiarentzako baizik. Horrela bada, denok aurrera begiratu beharko genuke eta gure auzorako proiektuak eskatu, bestela badakizue, eskatzen ez duenak ez duela ezer lortzen, horrela ba, Mekolak irisgarritasun hobekuntzat izango ditu eta baita Amañak ere, beste auzo batzuen artean.

Teknikari ikuspuntua alde batera utzita, pertsonalki eskertzen dut irisgarritasun arloan horrenbesteko obrak egitea. Gure biztanleria gero eta zaharragoa da eta, agian, hainbeste maite dudan aitxitxa Bomba buruan dudalako esaten dut hau, gabon gau guztietan berdina esaten digulako: “Etxera eskilara mekanikoak emetatu baino lehen joan behar dut”, eta denak arrapataka afaltzera, hau komedia! Biztanleriak hobekuntza hauek behar ditu eta jada ohituta gaude horietara. Kontuan izan hemen aspaldiko kontua dela hau. Beste herri batzuetan, berriz, orain hasi dira istorio hauekin. Zortea gurea. Bai horixe