Eva Perez de Albeniz
Eva Perez de Albeniz

"Jaio, bizi, hil"

2018/01/28
Nire inguruan dabiltzan lagunak badakite azken aldi honetan heriotzari buruz gustura jarduten naizela. Ez da edonorrekin darabilgun gaia, ezta? Ba, nire ustez izan beharko litzateke. Hain naturala da, hain egunerokoa, denori gertatu behar zaiguna. Eta heriotzari buruz hitzegitea bizitzari buruz aritzea da. Beste aldera begiratzen saiatzen garen arren, bizitzak mutur aurrean jartzen digu errealitatea. Gure txanda datorrenean, hurbileko pertsonak hiltzen direnean edo bertarako bidea hartzen dutenean, orduan aurrez-aurre begiratzen diogu heriotzari. Hortxe nago ni orain. Hausnarketan, hiru galdera sortzen zaizkit:
1. Zergatik hiltzen gara? Umeak askotan egiten dute galdera hori, erantzun erraza daukana: munduan ez dago denontzako lekurik eta, jaioberriei lekua egiteko, aurrekoak hil egin behar dira.
2. Hil aurretik, zer egin nahi dut? Heriotza inguruko norbaiti heltzen zaio, bapatean beharbada, nahiko gaztea dena. Eta galdera hori egiten diogu gure buruari. Galdera hori altxorra da, gure bizitzan funtsezkoa dena eta ez dena bereizteko balio diguna. Eta aurrera egiteko bultzada bere baitan dakarrena.
3. Nola hil nahi dut? Ohean, lo nagoela, bizitza luze eta oparoa bizi ondoren. Baina ezin da aukeratu. Hiltzeko modu eta momentuaren aukera oraindik ez dago gure esku, eta ez litzateke erabaki erraza izango. Baina, galderari buelta ematen badiogu, zer? Nola ez dut bizi nahi? Hor gauzak argitzen hasten dira. Menpekotasun latzik ez dugu nahi, burua galtzerik ez dugu nahi. Ezta sufrimendurik ere, edo ingurukoei lan gehiegi ematerik. Baina hori ere ezin da aukeratu, ez behintzat hemen eta orain. Azken galdera hori da neri lan gehien ematen didana, lagunei txapa ematera eramaten nauena. Gure artean gai hauetaz hitzegingo bagenu, naturaltasunez, -“Nik erditze naturala nahi dut”, “Ah! Ba nik ez, neri epidurala, mesedez”- esaten dugun bezain erraz, nola ez genukeen bizi nahi esango bagenu, erabakitzeko eskubidea hurbilduz joango litzatekeela uste dut. Mundutik desagertzeko ordua heltzen zaidanean, nire aukera errespetatuko dela jakiteak bizitzeko lasaitasuna ematen dit.