Beñat Laskurain
Beñat Laskurain

Joe ama, baina zergatik egin behar dut euskaraz?

2025/10/31

Aurrekoan Eibarko eskola baten albotik pasatu eta ume bati galdera hori entzun nion, amaren “Manex, euskaraz!” baten ondotik. Belarriak zorroztu nituen erantzunaren zain: “Euskaraz egin behar dugulako” amak. Neure baitarako pentsatu nuen ea azaleko erantzun horrek umea asetuko ote zuen. Ezezkoan nago. 

Herri euskaldunetan, erantzun lightak aski dira agian. Baina gurean, beti euskarari eusten dioten umeek -eta ez umeek bakarrik- kostu sozial bat jasaten dute. Gutxiespen begiradak, erantzun desatseginak, taldearen/gehiengoaren parte ez sentitzea…, eta denok dakigu nerabezarora sartzean nola arduratzen gaituen estatusak. Herri erdaldun bateko gaztetxo batek hori asumitzeko, euskal kontzientzia behar du: beste era bateko tresnak, arrazoiak eskaini behar dizkiogu, ahalduntzeko. 

Nola? Egungo kontestuan tabu bilakatu direnak kontatuz. Belaunaldi berri bat dator -zeinaren parte naizen- ez dakiena (inork azaldu ez digulako) Ikastolen Mugimendu klandestino hura edo Ez Dok Amairu zer izan ziren. Ez dakiena euren aiton-amonak eskolan jo egiten zituztela euskaraz egiteagatik, eta kalean euskaraz harrapatuta, kalabozora bisitak ohikoak zirela. 

gun, gai identitarioak bazter utzi behar omen dira. Esfera publikoan ere “jateko gauzez” bakarrik hitz egin omen daiteke jada. Baina gurean euskarari eusten dioten gaztetxoak egon daitezen, Herri honetan euskaraz izateagatik gure aurrekoek sufritu dutena azaldu behar zaie, kate honen segidarekin konprometitu daitezen. 1766an Espainia euskarazko liburuak debekatzetik hasi eta hortik aurrerako debeku eta zigor guztiek azaltzen dute gaurko errealitatea. Historia hori ezagutzen ez duten belaunaldi berriek egungo minorizazioa naturaltzat joko dute, 150 urtetan Gipuzkoa eta Bizkaian euskaldunak %95etik %37 izatera pasatzea kasualitatea bailitzan.

Zaila da honi buruz berba egitea 2025ean, ez baikabiltza “jateko gauzez”, baina azken 250 urteotako euskaldunon eguneroko bazka izan da hau. Eta kontatu beharra daukagu.