Beñat Laskurain
Beñat Laskurain

Kaxero

2026/05/08

Hizkuntza guztietan, badira hitz kalifikatzaileen kategoria desberdinak. Izan daitezke maitasunezkoak, gorrotozkoak, laudoriozkoak… baina guzti-guztien artean, hartzailearentzat mingarrienak gutxiespenezkoak direla esatera ausartuko nintzateke: goitik-beherako begirada bat dakarte berekin, norbere posizio ustez gorenetik beste norbati mespretxuz egindako beheratzea.  

Herri honetan, aurrekoan irratian baserritar gazte batek zioen bezala, “Kaxero” berbari ematen zaion esanahiak, gutxiespen hori primeran gorpuzten du. Baserri-munduari historikoki eman zaion tratuaren erakusgarri da konnotazio hori –Ahotsak proiektuko testigantza batzuk entzutea aski da mihi gaiztoek “casera burra” eta halakoak nola zerabiltzaten ikusteko–, baina gaur egun, baserritik haragoko zentzua ere ematen zaio: erdaraz ongi moldatzen ez denari, edo euskal abestiak, bertsolaritza, euskal dantzak eta abar gustuko dituen orori esaten zaio orain kaxero, kutsu negatiboz.  

Kalifikazio hori darabiltenek badute euskal markoan bizi garenok paletoagoak garelako uste bat, antza; “iraganeko kontuetan iltzatuta geratu diren nostalgikoak, hiltzera doan mundu-ikuskera baten azken labekadak”. Duela hilabete batzuk tirabiran aritu nintzen gure identitatea itxia, redukzionista, mugatua eta pobrea zela ziostan pertsona batekin. Dirudienez, hegemonikoak diren bizi-estiloek irekitasun-filtro guztiak pasatzen dituzte; regetoia bakarrik entzuten dutenei, futbola bizitzaren ardatz gisa dutenei, telecincoko reality guztietako gorabeherak hizketagai dituztenei, edo bizitzari zukua maratoiz maratoi ibilita ateratzen diotenei inork ez die esaten euren identitatea itxia, redukzionista denik (eta ze ondo). Baina regetoia beharrean euskal musika entzunda, eta La Isla de las Tentaciones beharrean Mihiluze ikusita… hara! badirudi nortasun hori itxia, mugatua bihurtzen dela. 

Izan ere, euskaldunok Estatu espainiar eta frantsesarekiko lotura behartua dugun honetan, Estatuko normaltasun-parametroek zedarritzen dute zer den normala eta zerk bihurtzen zaituen erreserba indio baten parte. Euskadin espainieraz edo frantsesez bakarrik bizitzea eta euskal munduarekiko bizitza guztiz paraleloa edukitzea normala da, neutroa, ez ordea alderantziz; bertako hizkuntza eta kultura propioa ardatz hartuta bizi nahi izatea itxitasunaren zantzu omen da, kaxeroa eta erradikala.  

Munduan 7.000 hizkuntza-kultura inguru daude bizirik: hasi masaietatik eta ainuetaraino. Hori da munduko benetako aberastasun kulturala, benetako kultura-aniztasuna, belaunaldiz belaunaldi garatzen, eraldatzen joan diren mundu-ikuspegien arteko elkarbizitza. Ez baitago iraganeko kolonizazio-prozesuen ondorioz mundu mailako kultura-hegemoniak lortu dituzten bi  kulturetatik (hispanoa eta anglosajoia) kanpo dagoen edozer mugatua, pobrea eta itxia dela uste izatea bezain gauza redukzionistagorik. Munduko kultura-aniztasunaren alde, guk Euskal Herri euskalduna dugu emateko.