Iñaki Zubillaga
Iñaki Zubillaga

"Jotakie"

2017/05/01
1989an Jotakie taldeak “Joxemai Beltza” abestian margotu zuen golfoaren irudia. Denok izan gara Joxemai Beltza, nola edo hala. Noski, eurek ezagutzen omen zuten benetako pertsonajea eta hortik hartu zuten inspirazioa. A ze pena!... 1989ko “Joxemai Beltza” azken diskoa izan zen Jotakierentzat, hirugarrena haien karreran. Eta goiko mailan zeudenean pikutara joan zen proiektua.  Jotakie taldea Azpeitia-Azkoitian sortu zen 80. hamarkadan, punk eta soinu zorrotzenak azaltzen ari zirenean. Laster aurkitu zuten lehen aukera disko baten abesti bat sartzeko: “Gipuzkoa Star’82” partekatutako diskoan “La pop” abestia grabatu zuten, gaztelaniazko abesti bakarra.
Jarraitu zituzten kontzertuak eskaintzen eta hurrengo aukera heldu zen partekatutako beste disko batean, hori bai famatua: Kortatu, Cicatriz eta Kontuz Hi! taldeekin batera. Disko horretan jarri zituzten lau abestiren artean, “Kriston burrundariek” eman zien arrakasta euskal rockaren goiko mailan borrokatzeko.
Talde ausarta izan zen Jotakie. Euskal Rock Erradikaleko taldeen artean kokatu duten arren, pop-rock doinuak jorratu zituen. “Zurt!!!” (1986), “Piztu nazazu jauna!” (1987) eta “Joxemai Beltza” (1989). Gero Oihuka diskoetxeak “Barrenetik 1981-1990” kaleratu zuen, lau diskoetatik hartutako abestiekin. Abesti horien artean bi ‘perla’ azpimarratuko genituzke: “Bat gehiago” eta “Zure begietan”. Ez ahaztu.

Jotakie