Eva Perez de Albeniz
Eva Perez de Albeniz

"Kaskarrekoa"

2017/10/06
“Kaskarrekoa”ren ideia ez da nirea, uda honetan irakurri dudan liburu batean aurkitu dut kontzeptu hau, eta asko gustatu zait. Kaskarrekoa hartzea zera da, momentu hori non bapatean feminista zarela konturatzen zaren. Eta ez aukera bat bezala, aukera bakarra bezala baizik.
Batzutan egoera zehatz batek ematen dizu kolpea: zure lankideak lan berdina egiteagatik soldata altuagoa daukala enteratzen zarenean; beste batzutan golpe txiki askok zabaltzen dizkigute begiak: beldurra ematen dit etxera bakarrik joateak, tabernan garagardoa nere mutilari eta mostoa neri zerbitzatu digute eta alderantziz eskatu dugu.
Niri ama izan nintzenean gertatu zitzaidan. Baneuzkan lagun feministak, radikal samarrak batzuk, eta emakumearen egoeraz hitzegiten zidaten, adibide eta datuekin... eta bai ulertzen nuen baina... badakizu, norberaren esperientzia ez da hori izan eta ulertu ulertzen duzu, baina ez duzu sentitzen.
Eta orduan nire lehenego semea jaio eta buruan kaskarreko ederra hartu nuen. Nire lagun feministek deskribatzen zituzten ezberdintasun horiek ulertzeaz gain sentitzen ere hasi nintzen. Tontokeriak: umeen erropak, jolasak, hitzegiten diegun era, zer lagatzen diegun egiten eta zer ez; mutilei era batera, neskei bestera.
Eta ez naiz ari aitxitxa amamez, gurasoez baizik. Gure burua “modernotzat” jotzen dugun hoietaz. Desilusio galanta hartu nuela aitortzen dut. Besteengatik baina baita nigatik ere. Behin kaskarrekoa hartzen duzunean mundua begiratzeko era aldatu egiten da eta sexismoa edonon dagoela konturatzen zara: telebistan, lanean, kalean, ohean, lagunartean.. eta sarritan gure baitan ere.
Berdintasuna lortzeko bidean (gogoratu eskubideez ari garala, argi dago gizon eta emakumeak ez garela berdinak) lan egiteko era asko daude. Baina etxea behetik gora eraikitzen da. Etorkizuneko gizartea osatuko duten pertsonak etxean dauzkagu, hezi ditzagun berdintasunean. Gure seme alabek ingelesa edo igerian jakitea garrantzitsua da bai, baina ez da garrantzitsuena ezta?