Kolorea, klasea eta boterea
Batzuetan apur bat hiltzen naiz, den-dena salgai jartzen duen gizarte honetan.
Nire etxebizitzari begiratzen diot, nire pribilegioari. Emakume migratua, ama eta gaztea, neskato txiki batekin pisu batean bizitzen. Nire pribilegiotik ikusten dut ez dela emakume guztion pribilegioa. Nire bidelagun migratuak ikusten ditut, berez definitzen gaituen azala.
Nire lagunak ezin du etxebizitza bat alokatzera joan bere bikotekiderik gabe. Eta, hala ere, haren bikotekidearen pribilegioa ere ez da nahikoa haren azalaren kolorea, jatorrizko herrialdea edo atzerritarraren identifikazio-zenbakia (AIZ) edo pasaportea ezkutatzeko.
Etxebizitzaren krisiak emakume guztioi eragiten digu, eta, hori gorabehera, zapalduenak emakumeok izaten jarraitzen dugu. Haurrak kargura dituzten emakumeak. Genero-indarkeriaren biziraule asko. Agiri gabeak asko, gainean daramatzagun zauri fisiko eta psikologikoak babestuko dituen ezer gabe.
Bidelagun afrikarrak, marokoarrak, arabiarrak eta latinak ikusten ditut, begiratzen zaien modua. Azalaren koloreak axola baitu. Nahiz eta teorian geure burua arrazistatzat edo xenofobotzat ez hartu. Nolako mina ematen duen nire aberriak, nire jatorriak. Nolako mina ematen duen neure buruari begiratzen diodan ispiluak, emakume guztiok geure burua ikusten dugun ispiluak. Nolako mina ematen duen bestea izateak, arrotza izateak.
Nolako mina ematen duen haurrak kargura izateak eta erakundeek bazterrean uzteak edo, are okerrago, zure aurka indarkeria instituzionala baliatzeak. Nolako mina ematen duen atzerritarra izateak, aurrera egin nahi eta ezin izateak.
Inor ez da bere aberritik irteten nahi duelako. Aberria uzten da bertan bizitzen jarraitu ezin delako.
Babes dezagun «migratzaile ona»! Zer da «migratzaile ona» izatea? Eufemismoaren kontzeptu hori, sistemak aurrera egitea ezinezko egiten dizunean. Nola eskatu aurrera egin dezatela, bizirauteko gurpil zorotik atera ezin badira?
Izan ere, noski, izugarri gustatzen zaigu indarkeria behin eta berriz pairatzea, klase- eta arraza-auziak gurutzatzen gaituelako.
Bizitzeko leku bat izatea eskubide bat da, oinarrizko eskubide bat, eta inongo gizakik ez luke bizi beharko gaua edo eguna non igaro ez izateko beldurrez.
Arazoa ez dira ondoko lagunak, jabetzan etxebizitza bat edo bi dituztenak, putre-funts handiak baizik, giza eskubide batekin negozioa egiten dutenak.
PERTSONA BATEK ERE EZ LUKE ETXERIK GABE BIZI BEHAR.

