Koloretako argiak
Koloretako argiak, apaingarriak, gabon kantak… Giro ederra sortzen da Gabonetan. Harrera honekin, Olentzero herrira jaisteko irrikan egon beharko litzateke. Baina… Zenbat urte daramatza Olentzerok jaisten? Zenbat aldiz ikusi du hau guztia? Beharbada ez zaio hain berezia irudituko jada. Agian bere zeregina betetzera besterik ez da herrira jaitsiko, datorren urterako prestatu behar duen guztia ate joka duen bitartean.
Ni ez naiz Olentzero eta ez ditut berak adina Gabon bizi. Hala ere, desilusio horrek kezkatzen nau: egun horiek tramite huts bat bilakatzea, errutinara itzuli arteko igarobide txiki bat izatea, eta ez lehen bizi nuen garai magikoa. Izan ere, urteak pasa ahala, iruditzen zait nire barnean “errealitatea” fantasiari lekua kentzen ari zaiola.
Haztearen trikimailu bat dirudi. Magoaren trukoak deskubritzen ditugunean bezala. “Errealitateak” kolpatzen gaituenean, ilusioaren fokua lekuz aldatu beharko genuke, magian sinesten jarraitzeko. Helduak egiten garen heinean, mundua ikusteko modua aldatu egiten da, baita fantasia ikusteko modua ere. Olentzerok ez dakit, baina beste edozein helduk, ziur aski, fantasia bat fikzio bat bezala ikusiko luke, hau gezur bilakatuz. Ume batek, aldiz, aukeraz betetako mundu bat aurkituko luke fantasian.
Gustatzen zait helduak umeak bezain erraz ilusionatzen direnean, ameslariak direnean. Zoritxarrez, ezaugarri hau askotan inozoa izatearekin lotzen da, naif izatearekin. Ahuleziatzat hartzen da. Nik, aitzitik, indartsu egiten gaituen zerbait dela esango nuke.
Horregatik, aurten ilusioa eskatuko diot Olentzerori. Umetan nuen ilusioa berreskuratu nahi dut, Gabonak irauten duten bitartean, behintzat. Agian gehiegi eskatzen ari naiz edo, agian, nire kabuz berreskuratu dezakedan zerbait da. Dena den, lehen pausoa nire leihoan koloretako argiak jartzea izan daiteke. Horrela, Olentzerok berak ere izango du ilusioa mantentzeko aitzakia, dekorazio berria ikusteko aukera izango baitu.