Udaberria
Duela egun batzuk, lehenengo erlea etorri zitzaidan leihoan ditudan loreak polinizatzera. Erle hark bazekien, eta, naturaren deia entzun izan banu bezala, nik ere antzeman nuen: badator udaberria. Ez naiz ni urtaro hau islatzen duen sinboloren bat aurkitzen duen lehena; izan ere, Vivaldik, udaberriari eskainitako abestian, txorien txioak, erreken doinua eta ekaitzen hotsa noten bidez irudikatu zituen.
Nik erlea aukeratu dut udaberriari ongietorria emateko, izaki ñimiño bat. Ba al zenekien greziar mitologian jainkosa bat dutela udaberriari hasiera ematen diona? Persefone, Infernuetako erregina. Persefonek ez du urte osoa Azpimunduan ematen, eta bizidunen mundura itzultzen denean, natura loratzen da.
A ze nolako oparia egiten digun Persefonek! Udaberria ez da oharkabean pasatzen. Berritze garaia da, neguko lozorrotik irtetekoa. Sugandilak moduan, eguzki-izpiak ikusi eta gure gordelekuetatik ateratzen gara. Eguzki-izpien pean, dena hobea da: kafetxo bat terrazan, paseo bat itsasertzean… Pozgarria da kaleak eta plazak bizirik ikustea.
Badirudi egunak luzeagoak eta argitsuagoak direnean, denok pizten garela. Naturarekin bat egiten dugu. Instintu basikoa ote da? Landareak moduan, loratzeko unea da.
Bestalde, udaberriak alergiak ere badakartza. Barkatu polenari alergia diozuenei! Dena den, ez kezkatu. Urtero bezala, udaberria etorri eta joan egingo da. Persefone Azpimundura itzuliko da, eta guk berriz itxarongo diogu. Horixe da bere magia. Beti izango bagenu, agian ez genuke horrenbeste miretsiko. Loreek loratzeko, loratu ezin duten garai bat behar dute. Azken finean, Vivaldik urtaro bakoitzari abesti bat eskaini zion, ez bakarrik udaberriari.