JOSU AGIRRE
JOSU AGIRRE

Kupel hutsak Hego Euskadin

2026/04/09

Isasiko La Sallen 80. hamarkadan ikasi genuenontzat Ignacio Senperena izan zen ingeleseko maisua. Betirako lagun bilakatuko ginen urte haietako gelakideok elkartzen garenean Ignacioren esaldiak sarri ekartzen ditugu gogora. 

Horietako bat testuinguru honetan gertatu ohi zen: aurreko ikasgaia emanda, maisu edo andereñoa gelatik irten eta ingurukoekin berriketan hasten ginen. Ignacio iritsi orduko egiten genuen burrundarak edozein dezibelio-neurgailu leher zezakeen.

Ignacio bat-batean gelan sartu eta esaten zigun: “Kupel hutsak ematen duzue”. 

Metaforaren azalpena, fisikatik, oso erraza: hutsik dagoen kupelari kolpeak eman edo aldapan behera botaz gero, danbada, bulla eta zarata handia egingo du, hain justu ere barruan ezer ez dagoelako, edukirik ez duelako; aldiz, kupela edukiz beteta badago, soinua askoz leunagoa izango da, ez du zaratarik egingo. 

Hau esanda, lerro hauek Aberri Egunean idazten ari naizenez, Ignacio maisuaren esaldiaz baliatuko naiz nire ustetan ezinhobeto aplika dakiokeen kontu bati heltzeko:

Azitaingo rotondatik Eibarrera sartzean, justu bariantea eskumara, seinale/panel zahar bat dago, ongi etorria adierazten duena. Bertan “Euskadi” sprai txuriz tapatu eta bere ordez “Euskal Herria” beltzez idatzi zuen aspaldi “artista” anonimoren batek. 

Azken urteetan Euskadi hitzaren aurkako estrategia potentea egon da. Gutxiespen kanpaina, edukiz hutsa baino arrakastatsua. Jada modako terminoa ez izatera heldu da, bere burua abertzaletzat dutenen artean ere.

Kupel hutsekin bezala, pintada horren atzean ez dago inolako hausnarketa sakon edo mamitsurik: pintada hutsa, inposaketa hutsa, zarata hutsa eta ekarpen hutsa. 

1936ko gerran eta diktaduran gure amama eta aitxitxek min izugarria jasan zuten abertzale izateagatik. Haientzat Euskadi hitza maitatuenen eta estimatuenen artean zegoen. 

Euskadi hitza ezabatzea nahiko zutenek ez al lirateke izan behar ba espainiar eskuin muturrekoak? Despistatuta nago.

Urtero bezala, gurasoek eta guk ere gaur Ikurriña aterako dugu leihora, zaratarik gabe; eta  Azitaingo margolana egin zuen artistak ezin duenez hau manipulatu, ba hortxe: Gora Euskadi Askatuta.