MARISABEL ALBIZU
MARISABEL ALBIZU

Lanpedusarako bidean

2025/04/24

Esanguratsuak diren pertsonek egiten dituzten bidaiei esanahia bilatu nahi izaten diegu. Bidaien esanahia ulertzeko, helmugak arakatzen ditugu. Berdin egin genuen 2013ko uztailean, Frantziskok, Erromako gotzain izendatu berriak, Lampedusara eramango zuen hegazkina hartu zuenean. Hunkituta zegoen Afrikatik etorritako migratzaileen txalupa bat Siziliako kanalean hondoratu ostean. Ez zen lehena, ezta azkena ere.

Jorge María Bergoglio kardinala Argentinatik heldu zen Erromara. Mediterraneoan gertatzen ari zenaren ezagutza zuzenik ez zuen. Eta hunkituta geratu zen bertan gertatzen ari zena jakin zuenean. Eta hurbildu egin zen, gertatutakoa aurrez aurre ezagutzeko, baina ez horretarako bakarrik. Ebanjelioan behin eta berriro Nazareteko Jesusek egiten duen moduan egin zuen berak ere: ezagutu, bihozbera izan eta ekin. Eta hau lehenengo bidaia izan bazen ere, une horretatik aurrera berdin aritu zen Frantzisko, migratzaileen inguruan esan eta egindakoetan: ezagutuz, bihozbera izanez eta ekinez.

Frantzisko Aita Santuak esan zuen bezala, sorterritik irtetea erabaki askearen ondorio izan beharko litzateke, baina pertsona askok ez dute aukera hori. Egoera larriak bizi dituzten pertsonak izaten dira gurera heldu nahi duten gizon, emakume, gazte zein adingabeak, eta gehienetan ez dute bidaiatzeko baimenik izaten. Sorterritik irteteko erabakia hartzen duten unean arazoak bizitzen ari dira. Sorterritik irteten direnean arazoak izaten jarraitzen dute. Eta “helmugara” iritsitakoan ere arazoekin jarraitzen dute, Aita Santuak Lampedusan esan zuen bezala, ez dutelako harrerarik ezta ulermenik ere aurkitzen.

Frantziskoren hitzak, migratzaileen egoera salatu eta Europako gizarteak esnarazteko esan zituenak Lampedusan, eskertu egin genituen. Abegikortasuna sustatzeko abian jartzen ditugun proiektuetan bere bultzada igartzen dugu. Gizarteak legeak baino eraginkorragoak izaten dira. Abegikorragoak izaten dira pertsonak erakundeak baino. Aita Santuak, azken hamabi urteetan zehar, pertsonen arteko solidaritaterako gonbidapen sendoa egin digu. Zeregina geratzen zaigu.

Fratelli Tutti (2020) idazkian, Frantziskok, ebanjelioaren zatirik ezagunenean oinarrituta, ozen aldarrikatu zuen gizartea antolatzeko beste era bat. Samariar ona, atzerritarra izanik, bide ertzean zegoen pertsona ikusi, bihozbera izan eta ekinean jarri zen eran, gu guztiok ere tankera bereko dinamikan jartzeko gonbidapena jaso genuen. Berdintasunean oinarrituta, gizakion arteko antolakuntza berritua aldarrikatu du Frantziskok, hitzez eta ekintzez.

Migratzaileei zegokienez solidaritateari eta berdintasunari buruz hitz egiten zuenean, egin beharrekoak lau aditzen bitartez laburbiltzen zituen: harrera egin, babestu, sustatu eta bertakotu. Ekintza hauek giza eskubideak bermatzeko aldarrikatu zituen.

HARRERA EGIN: pertsonen arteko ezberdintasuna bidaiatzeko eskubidean ere agerian geratzen delako adierazten zuen. Legeek ez baitute bidaia legalak eta seguruak izateko bermerik adierazten, ez behintzat pertsona orori. Pertsona batzuek, euren jaioterria dela eta, ez baitute bidaiatzeko baimenik. Ezta errefuxiatua izateko bermea ere, horrenbeste oztopoz aurkitzen baitira.

BABESTU: jakin bazekien eta badakigu migratzaile bihurtzen diren pertsonek ez dituztela eskubideak bermatuta ez sorterrian ezta heldu berri diren herrialdeetan ere. Lan egitea eta osasun zerbitzuak edo bizilekua eskuragarri izatea ez dira pertsona ororen eskubideak izaten ari, eta unibertsalak ez diren eskubideak pribilegio bihurtzen dira.

SUSTATU: migratzaile diren pertsonek dituzten ahalmen eta gaitasunak balioztatu behar dira, eta, bere jatorriari erreparatu gabe, pertsona bezala garatzeko baliabideak eskura ditzaten bideak jorratu.

BERTAKOTU: gizarte berrituen helburua izan beharko dena. Aniztasuna altxor bezala kudeatzen dugun gizarteok beharrezkoak ditugu, eta, horrenbestez, bertakotze prozesuetan denok irabazle izango gara.

Frantziskok, Lampedusarako bidaiarekin, adierazi zuen Eliza prest zegoela abegi oneko ekimen hauek aurrera eramateko. Hala ere, bazekien, era berean, bere Aita Santu urteetan era batera eta bestera ohartarazi zigun bezala, espero ditugun emaitzak lortzeko, komunitate politikoaren eta gizarte zibilaren ekarpena ezinbestekoa dela.

Frantziskoren aurretik lana genuen gure gizarteak senidekorragoak eraikitzeko bidean. Frantzisko joan zaigu. Eliza geratzen da. Badugu zer egina oraindik. Izango dugu nork ikusi, bihozbera izan eta ekinean egoteko ahots sendo eta eraginkorrez hitz egiten digunik?

Hala bedi.

 

Marisabel Albizu, Ignacio Ellacuria Fundazioko zuzendaria