Unai Artetxe
Unai Artetxe

"Ni ez noa"

2018/03/18
Nola aldatu diren garaiak, kamaradak. Gogoan dut orain ez hainbeste etxeko telefono finkoak jo eta beste aldean nire aitari "Artetxe ba al dao?" galdetuta "gehiegi, etxe honetan ", erantzuten zuela. Horrelakoetan aukera bi zituen nire aitarekin solasean ari zenak, nire edo anaiaren izena gogoratu, edo telefonoa eskegi. Eta gehienetan bigarren aukeraren alde egin ohi zuen. Eta deia ustez niretzako edo anaiarentzako zenez, guk geuk aguantatu behar izaten genituen aitaren txantxak. "Zure lagun batek deitu du, ez da zure izenarekin gogoratu eta eskegi egin du", barrez. Beste garai batzuk ziren. Ez nuke jakingo esaten hobeak edo okerragoak. Ezberdinak. Sakelako telefonorik ez zen existitzen. Ordu zehatz batean lagunekin Galerosen geratu, eta hobe zenuen garaiz iritsi, bestela koadrila topatzea dezente konplikatzen baitzen. Nola hala baina normalena denok topo egitea zen ohikoena, lehenago edo beranduago, han edo hemen, baina azkenean bideak leku berera eramaten gintuen denok. Egun egoera horretan galduta geundeke. Galerosera iritsi eta lagunak falta. Imajinatzeak bakarrik beldurra ematen dit. Tira, seguru inor ez dela ailegatu oraindik. Badazpada mezua bidaliko diet, bidean ote dauden konfirmatze aldera. Erantzunik ez. Hiru minutu pasa dira. Ikur berderik ez pantailan. Berriz idatzi beharko diet. Inork ez du erantzuten. Zerbait pasatu ote zaie? Bidean. Buf. Eskerrak batek erantzun duen. Hau lasaitua. Eta besteak? Beste whatsapp bat bidaliko diet. Ez dakit esaten orain lehen baino hobeto bizi garen, baina argi dut orain urte batzuk askeago bizi ginela, lasaiago, alaiago, hainbesteko loturarik gabe. Dena sinpleagoa zen akaso. Ignazio Zuloaga institutuan ibilitako nire belaunaldikoak bazkaria antolatzen ari gara maiatzaren amaierarako. Ia ehundik gora ikasle ohi, askok eta askok urte askoan, institutua amaitu genuenetik, elkar ikusi gabekoak. Whatsapp bidez iritsi da gonbidapena, nola bestela? Tamalez ezin izango naiz joan, eta ez naiz sakelako zein telefono finko zalea. Beraz, ni ez noa. Espero dut nire mezua iritsiko zaizuela.