Iñaki Zubillaga
Iñaki Zubillaga

"Oskorri: musika baino gehiago"

2017/01/27
Orain ez dira egiten holako portadak. Gaur egun musika alegiazko erara kontsumitzen da. Lehen diskoak, kantak, abeslariak ikutu egiten ziren... Musika eta entzuleak aldatu dira, bata eta bestea lotuta doaz: prozedurak, teknologia... Errazago oraindik: etxean bertan grabatu daike... Orduan eskaintza gehiago, filtro gutxiago, globalizazioa, eredu berdinak, errepikapenak, arrisku gutxiago... Asko aldatu dira tendentziak, bai... Eta, denbora mordoa pasa ondoren, gure protagonistek erabaki zuzena hartu dute: jubilatzea.
Oskorri taldeak 1971n eman zuen lehen kontzertua; handik bost urtera, 1976an, atera zuen bere lehen diskoa. Garai horretan folk mugimenduak jasotzen zuen arrakasta gehien: Erresuma Batuan, Pentangle, Fairport Convention, Steeleye Span; The Chieftains eta Clannad Irlandan; Alan Stivell eta Gwendal taldea Bretainian.
2015ko azaroaren 22an Oskorri taldeak bere azken kontzertua eman zuen Arriaga antzokian; eta hortik ateratako grabazioa bihurtu dute euren azken diskoa eta pelikula: “Hauxe da despedidia!”. Disko horretan azaltzen dira abesti batzuk (hogei bakarrik), alaienak, ezagunenak... eta bizibizian egindako bertsioak. Baina, eurek lagatako ondareari errepaso egokia egiteko, derrigorrez entzun behar dira “Mosen Bernat Etxepare”, “Plazarik plaza”, “Adio Kattalina”, “Katuen testamuentue”...
Aparte, 1997an “The Pub Ibiltaria” proiektuarekin hasi ziren, dibertsio moduan. Hamabi urtetan 13 disko atera eta 226 abesti zahar errepasatu zituzten, gure herentzia musikala berpizteko.
Folk etiketa alde batera, Oskorri taldeak nortasunari eutsi dio beti eta koherentziarekin jokatu du. Irratietan, tabernetan, plazetan, aspaldi ez dira entzuten euren abestiak. Hala ere, nire bizitzako banda sonoroan egongo dira beti.