NAIA KORTABERRIA
NAIA KORTABERRIA

Partida bat

2026/05/15

Zenbat aldiz partekatu duzu albiste bat haserreak bultzatuta? Eta zenbat aldiz pozak bultzatuta?

Uste dut emozioek mobilizatzeko gaitasun handia dutela. Are gehiago, esango nuke emozio bakoitzak erreakzio desberdinak sortzen dituela. Batzuek berehalako erreakzioak eragiten dituzte: konfrontazioa, biraltasuna edo hiperbigilantzia. Beste batzuk, ordea, polikiago funtzionatzen dute. Baina denborarekin, loturak, konfiantza eta komunitatea eraikitzeko gai dira.

Gertakaria ➜ Emozioa ➜ Erreakzioa.

Orain arte, norbanako bezala erreakzionatzen dugunean gertatzen denaz ari nintzen.

Baina badaude beste emozio batzuk, partekatzen ditugunean zerbait handiago bihurtzen direnak: poza, ilusioa edo esperantza adibidez.  Eta denboran iraunez gero, lotura eta komunitatea sortzeko gai dira.

Gainera, komunitateak ez dira hutsetik sortzen. Elkartzeko espazioak behar dituzte. Elkar entzun, eztabaidatu, antolatu edo, besterik gabe, elkarrekin egoteko lekuak. Horregatik iruditzen zait hain interesgarria Eibarren sortu berri den TRIKU bezalako espazioa: balio euskaltzale, ezkertiar eta feministak partekatu eta komunitate bihurtzeko lekua.

Izan ere, badira azkar erreakzionarazten gaituzten emozioak. Eta badira, mantsoago bada ere, komunitateak eraikitzen dituztenak. Komunitateari buruz luze hitz egin genezake, baina nik gaur beste zerbait proposatuko dizut; oroitzapen batera itzultzea. Eta horretarako, jolas txiki bat prestatu dut:

1.- Jolasteko, hiru lege onartu behar dituzu:
a.    Erabili oroitzapenak, ez hainbeste arrazoia.
b.    Ez pentsatu “nolakoa izan beharko lukeen”; gogoratu nolakoa izan zen.
c.    Saiatu eszenak ahalik eta xehetasun handienarekin irudikatzen.
Legeak onartu badituzu, has gaitezen.

2.- Aukeratu oroitzapen bat:
a.     Zure auzo edo herriarekin batera antolatutako zerbait.
b.     Elkarte, talde edo komunitate batekin egin zenuen ekintzaren bat.
c.     Planifikatu gabe, beste batzuei laguntzen amaitu zenuen momenturen bat.
Saiatu burura ekartzen:Zer eguraldi egiten zuen? Non zeundeten? Kalean? Lokal batean? Nor zegoen bertan?

3.- Goazen puntuatzera
Oroitzapen hori burura ekartzean…
a.    Harrotasuna sentitu baduzu ➜ +1
b.     Merezi izan zuela sentitu baduzu ➜  +1
c.     Errepikatzeko gogoa sentitu baduzu ➜ +1
Gutxienez 2 puntu lortu badituzu, jarraitu. Bestela, itzuli 2. puntura eta aukeratu beste oroitzapen bat.

4.- Azken galdera
Ekarri berriro ere oroitzapen hori burura, eta erantzun galdera honi:
“Zer falta izango litzateke zu bertan egon ez bazina?” 

5.- Amaiera
Puntuak gehitu badituzu, eszenak, pertsonak edo emozioak burura etorri bazaizkizu, segur aski konturatuko zinen partida hau jolasari ekin baino askoz lehenago hasi zinela jokatzen: elkartasuna erakutsi zenuenean, behar zuenari laguntza eskaini zenionean edo beste batzuengan konfiantza jarri zenuenean.
Horrelako momentuak ez dira erraz ahazten. Pepe Mujicak zioen bezala, bada neurtzeko zaila den aberastasun bat: geure buruarentzat bakarrik bizitzeari uzten diogunean agertzen dena. Eta zuk? Noiz sentitu zenuen azkenengoz aberastasun mota hori?