Iñaki Zubillaga
Iñaki Zubillaga

"Ramoncin 6.1"

2016/11/20
Bai lagunak, bai... datorren zapatuan kontzertura joango naiz, Astelena frontoian, gaueko 11etan. Aukera paregabea izango da betiko rock’n rolla entzuteko. Aspaldiko abestiak, hitz harrotuak, keinu makarrak, gitarra zorrotzak,... mereziko du, bai.
Jose Ramon Marquez Martinez dator Eibarrera, Ramoncín madrildarra. 1978an atera zuen lehenengo diskoa WC taldearekin. Punk irudia, zirikatzailea,...
80. hamarkadan erreferentea izan zen Madrilgo ‘movidan’ eta rock munduan. Bederatzi disko atera zituen eta Espainia osoan ibili zen kontzertuetan. Musika azpiegitura eskasak ziren orduan, eta berak eta bere garaikoek zabaldu zituzten bideak gaur egungo egoera ezagutzeko.
90. hamarkadan, telebista pribatuekin, Ramoncín itxuraldatu zen, polemista moduan: “Crónicas marcianas”, “Moros y cristianos” programetan. Beti egileen defentsan, ‘pirateria’-ren kontra... Beti argi eta garbi bere iritzia ematen.
Gero SGAEko gestioan sartu zen, Teddy Bautistaren ordez, eta hortik etorri ziren arazo judizialak. Arazo horiekin amaituta, eta abzoluzioa jasota, berriro martxan dago bere azken diskoa aurkezten tauletan. Orain Los Eléctricos del Diablo da bere taldea: Castelló anaiak gitarra eta baterian, Charley Gonzalbo bibolinarekin, Miguel Jimenez baxuarekin, Jesus Varas teklatuetan eta Manuel Silva gitarrajolea.
Sorpresa, benetan. Apustu arriskutsua antolatzailearentzat, baina benetako rock apustua. Polemikaz aparte, datorren zapatuan, argiak itzalita, azalduko da Ramoncin artista, rockeroa.
“Cuando el diablo canta” diskoa aurkeztuko du. Baina, nola ez, betiko kantak ere entzungo ditugu: “Hormigón, mujeres y alcohol”, “Reina de la noche”, “La chica de la puerta 16”, etabar. Badator ba, benetako ‘cheli’, harroputza, arrastaka abesten duena...