Iñaki Zubilaga
Iñaki Zubilaga

Rosendo, pa siempre

2018/12/18
...eta kitto! astekarian argitaratua, 2018ko abenduaren 14an

Jaun-andreok: hilabete honetan, 2018 urtearekin batera, Rosendok musikari moduan bere bidaia amaituko du. Urte osoan bira izugarria bete du madrildarrak, eta bost kontzertu berezirekin amaituko du bere esperientzia taula gainean. Zapatuan Euskal Herritik agurtuko da BEC aretoan, Barakaldon.
Rosendo Mercado Ruiz madrildarra 1954an jaio zen eta txikitatik ibili zen gitarra zahar batekin probaketetan. 1972an sartu zen bere lehen taldean, Fresa izenekoan (buzo arrosarekin jantzita dago argazki mitikoan). Taula gainean zuen indarrak atentzioa piztu zion une horretan Ñu talde berria ekoizten ari zen Jose Carlos Molinari. Eta Rosendorri disko bat grabatzeko lehenengo esperientzia 1976an etorri zitzaion, talde berri horrekin.
Aldi berean, Rory Gallagher-en diskoak entzun zituen eta liluratuta geratu zen irlandarrak zuen erakarpen mailarekin. Soldadutzara joan aurretik, Fender Stratocaster gitarra baten lehenengo ordainketa egin zuen eta, handik aurrera, Rosendok bere gitarran izan du soinu kutsua, bere zigilua.
Soldadutza amaituta, Molinaren nagusitasunarekin topo egin zuen Rosendok eta, horri aurre egiteko, Ramiro Penas eta Chiqui Mariscal-ekin 1978an talde berria sortu zuen: Leño, guztientzako rock-erreferentzia izan dena estatuan. Hiru grabaketa, hiru torpedo: “LeñoLeño”, “Más madera” eta “¡Corre, corre!”. Baina dirurik ez... Diskoetxeak geratu ziren eskubide guztiekin eta denbora luzean egon zen grabatu barik, gainera. Total... Rosendo 1985ean berpiztu egin zen, bere karrera osoa gobernatzeko.
Ia hogei disko, ehundaka kontzertu... eta egiazko “campechanoa” izanik. Bere uniformea: praka bakeroak eta kamiseta zuria, Stratocaster sorbaldan... eta egurra!!! Hiru liburu daude bere bizitza eta, batipat, garai hartako musika industriako azpiegiturak ezagutzeko: “La sana intención. Conversaciones con Rosendo” (SGAE, 2003), “Maneras de vivir: Leño y el origen del rock urbano” (Kike Turrón y Kike Babas, 2013) y “Mil maneras de volver al hotel” (Rafa J. Vegas, 2018).
Zapatuan elkar ikusiko dugu?