Unai Artetxe
Unai Artetxe

"Seirehun eta berrogeita hamabi"

2017/03/17
652. Irakurri eta berehala ahaztuko zaizun zenbakia. Seirehun eta berrogeita hamabi. Esanahi handirik gabeko hiru digituko zenbakia.
Bat. Bi. Hiru. Lau. Seirehun eta berrogeita hamabi. Mutilak eta neskak. Neskak eta mutilak. Ilehoriak. Beltzaranak. Zuriak. Adin guztietakoak. Haurrak. Umeak, Nerabeak. Bat. Bi. Hiru. Lau. Seirehun eta berrogeita hamabi.
Gutxienez, 652 dira azken urtean Sirian hildako umeak, UNICEFen arabera. Guzti horien herena, eskolan edo inguruetan akabatutakoak. Zortea alde izan dutenek liburua fusil batengatik aldatu eta borrokara joatera behartu dituzte. Patu krudela beraiena.
Seirehun eta berrogeita hamabi. Zenbat izango ote dira orain sei urte hasitako gudan hil dituzten umeak? Save The Childrenek eman du kopurua. Gutxienez hamasei mila. 16.000. Eibarko biztanleriaren erdia baino gehiago. Ipurua futbol zelaia hiru-lau aldiz betetzeko adina ume, zenbakiekin arazoak ditugunontzako,
Yemenek bizi duen gerra zibilean 1.400 ume hil omen dituzte jada. Mila eta laurehun. Afganistanen, iaz, mila inguru. Urtero urtero milaka dira Mediterraneo itsasoa zeharkatzeko ahalegina egiten duten umeak. Askok, gainera, guraso gabe, euren bakardadean. Bidean zenbat geratu diren, aldiz, ezin jakin, ia ezinezkoa baita itotakoen gorpuak berreskuratzea.
Baina guk gurera jarraituko dugu, ateak itxita, infernutik zerurainoko hormak eraikiz, epeltasunean, goxo goxo.
Bat. Bi. Hiru. Lau. Azkenak izan daitezen; buruz ondo ikasi beharko genituzke kopuru horiek guztiak.