Trapuak dira zaharrak; pertsonak, nagusiak
Gipuzkoako zahartze-tasak hartu duen goranzko abiaduraz hitz egiten duen albiste batekin topo egin dut egunotan. Beti entzun izan dut trapuak direla zaharrak; pertsonak, aldiz, nagusitu edo adindu egiten gara. Albiste eta datu hauek guztiek, ordea, zahartzeaz hitz egin ohi dute.
Ez da fenomeno berria, baina abiadura handia hartzen ari da. Eibarren ere gero eta jende nagusi gehiago dago. Eibarko biztanleriaren %25ak 65 urte baino gehiago ditu. Bizi-itxaropena handitzen doan heinean, nagusi gehiago izango gara herrian. Haurren jaiotzek ez dute desoreka handi honi buelta ematerik lortzen, eta piramidea guztiz aldrebes dago.
75 urte baino gehiagoko biztanleriaren pisua EAEn %12koa da; Gipuzkoan, berriz, altuagoa da, eta Eibarren %13,60koa. Eibar da Gipuzkoan 20.000 biztanle baino gehiago dituzten herrietatik “zahartze” tasa handiena duena. Aurten 9 pertsonak bete dituzte 100 urte herrian. Benetan, zorionak! Baina honek guztiak erronka handiak jartzen dizkigu aurretik.
Ohiko zaintza-sistemak goraino daude. Aspaldi ez ditut ezagutu Eibarren dauden pertsona nagusien egoitzek une honetan dituzten itxaron-zerrendak. 2024an, 955 pertsonak mendekotasunari lotutako prestazioren bat jasotzen zuten herrian. Horietatik 424k familia ingurunean zainduak izateko prestazioa, eta gainontzeko 531k, zaintzarako profesional bat kontratatzeko prestazioa. Etxez etxeko laguntza zerbitzuan ere gero eta inbertsio handiagoa egiten du Udalak. Etxean bizi eta zainduak izatetik egoitza batean bizitzeraino, erdibideko aukerak ere badaude, eta hor egin beharko dira etorkizuneko inbertsioak, etxebizitza komunitarioetan edo co-housing bezalako sistemetan.
Erronkak, ordea, ez dira zaintzara bakarrik mugatzen. Nagusi askok pairatzen duten bakardade ez hautatuari ere aurre egin beharko zaio. Dituzten parte-hartzerako espazioak zaindu eta handitu beharko dira. Irisgarritasunari eta hirigintzari lotutako ekintzek ere biztanle nagusienak kontuan izan beharko dituzte. Eta nola ez, herriari egin dioten eta egiten dioten ekarpena aintzat hartzeko ordua ere bada.