Untzaga zinema, Idealistan salgai
Bada bai, artikulu honen titularrak zure ikusmina piztu badu, jakin ezazu hala dela: Untzaga dorrearen erraietan ezkutaturiko zinema aretoa salgai dago etxeak salerosteko hainbat internet ataritan. 1.650.000 euroan eros daiteke eta saltzaileak dio iragarkian hainbat erabilera izan ditzakeela: merkataritza, kultura, bulegoak, kirol ekipamendua...
Nire, eta askoren, haurtzaroko eta nerabezaroko aisialdiaren funtsezko eszenatoki izan zen aretoa 2009an itxi zuten. Zaila egiten zait sinestea egun 25 urteen bueltan dabiltzan eibartarrek kostata gogoratuko dutela nolakoa zen. Areto oso dotorea da, aldapa gorakoa, eserleku erosoekin eta bi margolan erraldoi ditu pantailaren alde bakoitzean. Bi hitzetan: zinema eder askoa.
Hamazazpi urteotan isilik eta ilunpean egon da mila metro koadroko eta lau solairuko hutsune hori, norbaitek noizbait irekiko zain. Zurrumurruak egon dira haren inguruan, bateko garajeak egiteko asmoa, kirol denda handi batek ikusi omen zuela, eta oroitzen dut bertan Kafe Antzoki bat irekitzeko proposamenen bat. Gehiago egongo ziren. Baina ezer ez da gauzatu.
Pentsatu izan dut agian udaletxeak erosi beharko lukeela, edo desjabetu. Harritzen nau zein erraz desjabetu daitezkeen baserritarren lurrak herri lan handiak egiteko eta zenbat kostatzen den eraikin edo jabetza fisiko bat desjabetzea. Boteprontoan, bertan udaltegi, ludoteka, haurreskola edo halako zerbait jartzea datorkit burura. Kiroldegi txiki bat? Baita ere. Kokapena ezinhobea da.
Baina Untzaga zinema hutsean pentsatuz, gogoratu dut Rialto zena ere hutsik eta itxita dagoela. Baita El Corte Ingleseko eraikina ere, edo Santaineseko komentua. Gabilondoko eraikin eraberrituan zerbait jarri beharko da eta Ipuruako merkatu plazak bere ahal osoaren azpitik dihardu. Ziur nago, tailerrez gain, hutsik edo gutxi erabilia dagoen eraikin bat edo beste ahaztuko nuela. Eta hemen nago ni, berriz ere zalantzan, ea arazoa zein den: eraikin huts asko dagoela edo haiek baliatzeko ideia gutxi.