Uxue Gisasola
Uxue Gisasola

Urtarrilaren 31n denok Bilbo eta Iruñeara

2026/01/22

Autoritarismoak, erreakzioak eta faxismoak  gure artean geroz eta presentzia handiagoa daukate. 

Azkenaldian, mundu mailako herrialde askotan eskubide zibil zein politikoen aurkako erasoak ikusi ditugu, ultraeskuinak instituzioetan bere lekua egin du eta gobernu batzuetara heldu da (AEB, Argentina, Italia...), pertsona migratuen aurkako neurriak gogortzen ari dira Europa osoan, Frantziako gobernuak soldaduzka boluntarioa martxan jarri du. Horretaz gain, antolakunde faxistak  kale mailan hedatzen ari dira (horien artean Desokupa eta Nucleo Nacional). 

Faxismoak beste lurralde batzuetan baino presentzia gutxiago duen arren, Euskal Herria ere ez dago joera horietatik kanpo. Are gehiago,  hemen ere badago euskal nortasunaren izenean agertzen ari den faxismo mota bat. Bai sare sozialetan, bai kaleko hormetan; eta mezu arrazista, supremazista eta matxistekin lotuta doa. 

Era berean, ezin dugu ahaztu, segurtasunaren aitzakipean normalizatzen ari den sektore zaurgarrien kontrako kriminalizazioa; hala nola, PSOEk edo PNVk  hartu duten bidea elektoralki indartzeko. 

Diskurtso horiek pobretze testuinguru honen kausak eta erantzuleak ezkutatzeko balio dute, erantzunkizuna eta errua sektore zaurgarrienetan jarriz.

Hala, ideia erreakzionarioak, estatuen erreforma autoritarioak eta faxismoa bera indarra hartzen ari diren garai honetan lehentasunezkoa da horren aurkako kontzientzia garatzea, kontrakoak ideia horiek normalizatzea eragin dezakeelako. 

Politika erradikalaren garaia da, kaleak betetzekoa, eta antifaxismoa eduki komunistaz betetzeko unea da. Horregatik da hain garrantzitsua gazteen artean hegemonia antikapitalista bermatzea Euskal Herrian eta ahal den toki denetan. Bilbo eta Iruñea jendez betetzeko betebeharra daukagu hilaren 31n, segi dezagun horretan. 

Eibartik autobusean joango gara Bilbora, 16:40koan Ego-Gainetik abiatuta. Animatuz gero, idatzi sare sozialetatik edota GKS-ko militanteei. Animatu eta gerturatu!