Ainara Riveras
Ainara Riveras

"Urte berri, erronka fresko"

2016/02/02
Hiru aste pasa dira urte berria hasi genuenetik. Uf! Gehienok seguruena ahaztuta eta egunerokoan bete-betean murgilduta egongo zarete dagoeneko. 2015a orain gutxi joan zitzaigula lekutan dugu ia denok. Kurtso hasieran egiten dugunaren antzera, hau ere garai aproposa izaten da bai, hasieretarako. Urte amaierarekin, ziklo bat itxi eta berria zabaltzen dela ematen du. Urteko lehenengo geldialdi  esanguratsua izaten da. Niretzat, behintzat, hala da. Eta lurrari erreparatzen badiogu, hemen gurean, neguaren solstizioak ere argi berriaren etorrera gogorarazten digu. Eguna luzatzen hasten da eta haziak bere baitan ernal aurretiko mekanismoak ere jartzen ditu martxan.
Eskaera, helburu eta erronka  berrien sasoia da. Inoiz hasi eta  bidean alboratu genuen horri helduko diogun promesa egiten diogu gure barruari. Sarri gure      itxura eta ongizatea hobetuko duen jardueraren bat izaten da edo betidanik izan dugun zaletasun horri heltzen diogu berriro. Gure denbora bestearekin, alboan  dugunarekin, laguntza behar  duenarekin konpartitzea erabakitzen dutenak ere bagara.
Nire aurtengo erronka berrietako bat hauxe! …eta kitto! astekariak egindako gonbidapen honi  baiezkoa eman eta urtean zehar, hainbatetan, zuengana momentuko edo interesgarri deritzodan gairen batekin bisitan etortzea. Azken urteetan, osasun naturala, prebentzioa eta  transmisioa ditut ofizio eta,                   hezkuntza, kultura eta baloreak  afizio. Hobetzea. Hori eskatzen diogu urte berriari. Hobera egitea izaten da erronka berrien jomuga: pattaldu egiten gaituen horrekin amaitzea, gure mugak gainditzea, ametsak egi bihurtzen hastea...   Urteak ekarriko digunaren zain egon barik -izango dira-eta onak eta ez hain onak- esanetik pasa gaitezen eguneroko jardunera eta nork daki zer egitera irits  gaitezkeen. Ekin diezaiogun, beraz, eta aurrera!