Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Urtebete"

2021/03/29
Dagoeneko urtebete joan da Zaldibarko zabortegikoa gertatu zenetik, eta denbora-tarte egokia dirudi hari buruzko iruzkin bat egiteko. Nik bi ebidentzia azpimarratuko nituzke: batetik, hondamendian amildutako lurra ez zela mendiko lur garbia, baizik eta zikina edo kutsatua, kamioiek (ehundik gora, egunero) obra handietatik ekarri eta han deskargatutakoa; eta bestetik, beharginen jardunak ez zuela inolako inplikaziorik izan luizian.

Bestalde, bi ebidentzia horiek aspaldiko gertakari bat ekarri didate gogora. Jai-eguna zen, eta Txantxazelain nintzen, partiduak ikustera joana. Futbolzale amorratuak baikinen. Goiz erdia zen, eta betiko tokian nengoen, zelai alboko mendi-magalean, hain zuzen. Handik ezin hobeto ikusten ziren partiduak. Begiak alboratuz gero, berriz, herriaren ikuspegi zabala hartzen zen mendean.

Halako batean, egundoko eztanda entzun zen, trumoiaren antzekoa, baina indartsuagoa. Jarraian, Alfa inguru horretatik, laino gris sendo bat ikusi genuen altxatzen, Hiroshiman bezala. Arrania! Laster jakin genuen albistea: Hotel Arrate, herriaren modernizazioaren ikurra izan behar zuena (bederatzi solairu, laurogeita zortzi logela) behera etorria zen oso-osorik, inauguratzeko hilabete eta erdi besterik falta ez  zuenean.

Milagroa izan omen zen inor azpian harrapatu ez izana. Zenbait herritar berriz jaio omen zen egun hartan. Noizbait ere, ikerketa sakonen ostean, jakitera eman zuten zein izan zen deskalabruaren arrazoia: zementuaren kalitate eskasa.

Hotelaren kasuan zementua bezala, zabortegiarenean beste gai batzuk aipatu dira: amiantoa, lokatza, plastikoa, paper lohia, kautxoa, metala, dioxina, furanoa, lixibiatuak, metanoa… Eta horiekin batera, maldaren pendiza eta egonkortasuna, gain-ustiapena eta abar. Edonola ere, behin “hondamendi naturala”, “lan-istripua” eta antzeko zuribideak baztertuta, ez dator gaizki gogoratzea, bi heriotz eta kalte ekologiko larriak eraginagatik, inork ez duela bere gain hartu erantzukizunik.