Unai Artetxe
Unai Artetxe

"Zaharrak berri"

2018/06/03
Ariketa mental batekin natorkizu gaurko honetan, irakurle. Barkatuko didazu atrebentzia, baina iruditzen zait hainbeste urtetan halako hiruzpalau zutabe idatzi eta gero, niri ere iritsi zaidala zuri zerbait eskatzeko unea.
Sofa eroso batean, ohean edo egongelako alfonbra gainean etzan zaitez, eta itxi begiak. Hartu lasai arnasa sudurretik eta ahotik bota. Ez izan presarik. Zu zeu konturatuko zara erabateko baretasunean zaudela. Jarraitu arnasa lasai hartzen eta begiak itxita. Hastera goaz. Alboan izango nauzu, ez izan beldurrik.
Orain, iraganera bidaiatuko dugu biok une batez. Kristo aurreko 500 urte ingurura, hain zuzen ere. Greziara. Baina ez orain buruan izan dezakezun Grezia horretara. Duela 2.500 urteko horretara. Zer irudikatzen duzu?
Zure parean duzu pantenoia, eraikin erraldoia, ederra, hautsik gabekoa. Historiako lehen txanponak ere egin berri dituzte. Trukeak beste dimentsiorako jauzia eman behar du momentu honetatik aurrera. Une historikoan murgildu zara.
Bero da Grezian. Aspaldian ikusi gabeko eguzkia ere existitzen omen da. Tira, joan ginena baino beltzaran itzuliko gara behintzat iraganetik. Gaitzerdi!
Jarraitu begiak itxita, faborez. Eta itzuli gaitezen iraganera.
Pantenoiaren sarrera nagusiaren alboan aspaldiko laguna irudikatzen duzu. Clistenes ote? Gerturatu eta han da, bai, Megacles II.aren semea, ezagutzen ez dituzun beste hiru kideekin, gizonak guztiak, adierazpen askatasunari buruz solasean. Montesquieu, Voltaire eta Rousseau omen dira. Beraiek horrela aurkeztu dituzte beraien buruak. John Stuart Mill ere bertan da. Baita Oliver Wendell ere.
Beraiengana erabateko isiltasunean eta burumakur hainbat pertsona hurbiltzen ari dira, bata bestearen atzetik, ilaran, burumakur, epaiketa baten zain egongo balira bezala. Triste dirudite. Atsekabetuta.
Sudur handi hori ezaguna egiten zaizu. Evaristo? La Pollako Evaristo? Hemen? Kristo aurreko 500 urtean? Eta beste hori Valtonyc? Hala dio bere txapelak. Pablo Hasel, Strawberry, Muguruza… Aurpegi ezagun asko eta asko. Gehiegi.
Bada sasoia iraganetik itzultzeko, irakurle. Edo oraina ote? Begiak ireki. Eta arnasa lasai hartu. Gogoratu, sudurretik hartu eta ahotik bota.
Urteak pasa dira. Zaharrak berri.