Zero demokrazian
Sarri baino sarriagotan entzun (eta esan) dugu sistema politikoen artean demokrazia dela gutxieneko txarrena (edo, nahiago baduzue, txarrenen artean onena). Zalaparta ugari piztu zuten aurtengo selektibitatean euskaran jarritako zeroek (ez horrenbeste fisikan) edota hautsak harrotu dituzte PISA txostenaren emaitza kaskarrek gure hezkuntza sisteman, gutxi irakurtzen den seinale. Eta, bidenabar, zer nota jarriko genieke politikariei eta beraien alderdiei?
Irakurtzeko moduko liburu lagungarri batzuk aipatze aldera: Eric Fromm (Askatasunaren beldur, 1941) eta bere galdera zuzena: Zergatik zaio beldurra demokraziari? Suitzan hainbat erreferendum parte-hartzaile (eta lotesle) abiatzen dituzte sarritan; hemen noiz galdetu da adibidez monarkia ala errepublika? Berriki Gipuzkoako Batzar Nagusietan erabakitzeko eskubidearen aldeko mozioa aurkeztu zen eta PSEk aurka bozkatu zuen. Eibarko sozialistek irakurri al dituzte konfederalismoaren alde Toribio Etxebarriak (La Liga de Naciones y el problema vasco, 1918) edota Juan San Martinek (Giza eskubideen inguruan, 2000) idatzitakoak? Etxebizitza duinerako eskubidea bai, baina euskal etxea eraikitzekoa ere bai.
Bada beste bat aski esanguratsua: David van Reybrouck (Against elections: the case for democracy, 2013). Laburbilduz hauteskundeen aurka agertzen zaigu holandarra, egiturazko gatazkak ez direlako alderdi politikoen eskutik konpontzen (demokrazia indirekto edo ez-zuzena -euskaraz bigarren esanahi maltzur batekin gainera: bidegabea-) eta ustelkeria zabalak hiritarren konfiantza gutxitzen duelako. Gogora ekar dezagun Hitler edota Trump batek hauteskundeak irabazi zituztela eta begira zer nolako ondorioekin.
Hori gutxi ez eta erroldak manipulatzen saiatzen dira (posta bidezkoak, erbesteratuenak, etab.), hautesbarrutiak aldatzen (ingelesez horretarako hitza ere asmatuta dago “gerrymandering”, AEBetan legeztatua dagoena) edota dirua eskaintzen norberari bozkatzeagatik (bost mila dolar!). Gogora datorkit Jose Saramagok, 1998an Literatura Nobel saridun portugaldar eta komunista amorratuak Donostiako Antzoki Zaharrean eman zigun hitzaldia: Demokraziaren ilusioa, berez enpresa multinazionalak (edo gaurko teknoligarkak) aurkeztu beharko liratekeela hauteskundeetara.
Eta inor kanpoan ez uzteagatik, burujabetzaren aldeko alderdi abertzaleek ez dute Gasteizko Legebiltzarrean ezta eztabaidatu ere egin hemen erabakitzea gutxieneko soldata eta pentsioa, milaka sinadura aurkeztu ondoren, argudiatuz eskumen horiek transferitu gabe daudela zentralismotik. Eta orduan nola sinestuko diegu balizko Estatus berriarena, Gernikako aurrekoa bete gabe dagoenean berrogeita zazpi urte pasa eta gero?
Eta zerrenda nahi beste luza daiteke: NATO, dokumentu sekretuen desklasifikazioak, hizkuntz eskakizunak… Demokrazia zuzenaren diseinatzaile greziar klasikoek (“polis”=estatu-hiria, eta hortik politika) garbi utzi zuten demokrazia herriaren boterea zela. Definitu behar duguna da nor den herria (“demos”=subjektu politikoa) eta nork duen boterea (“kratos”=objektu politikoen gainean). Demokrazian bizi garela sinestarazi nahi digute baina errealitatea oso bestelakoa da, demokrazia egin egiten delako.

