Arraindegi eta harategietan erostean tupperrak erabiltzeko kanpaina hasiko da bihar

Arraindegi eta harategietan erostean tupperrak erabiltzeko kanpaina hasiko da bihar
2017/04/04 17:59
eta kitto!
Arraindegi eta harategietan erosketak egiten ditugunean ohikoak diren paper eta plastikozko poltsak murrizteko eta, horien ordez behin baino gehiagotan erabil daitezkeen ontzi edo tuperren erabilera bultzatzeko asmoz, Kutxa Ekoguneak eta Eibarko Udalak ONTZIRATU ZAITEZ! kanpaina abiatuko dute bihar, herritarrei kanpainari buruzko informazioa emateko gunea udaletxean zabaltzearekin batera. Datozen sei hilabeteotan martxan izango den kanpainaren helburuak “Eibarko dendetan paper eta plastikozko poltsen erabilera murriztea eta herritarren artean kontsumo arduratsuaren aldeko jokaera zabaltzea” direla azaldu dute arduradunek. Kanpainarekin aurrera egiteko, beste ezertan hasi baino lehen dendariekin kontaktuan ipini dira eta, erakunde bietatik adierazi dutenez, “eskertzekoa da agertu duten jarrera eta borondatea”.

Herriko 18 establezimendu batu dira ekimenera. Arraindegiak Arregui-Dominguez (behekoa eta goikoa), Genoveva-Maite, Guillermo, Maite, Merk&to, Soraya eta Vanesa-Gloria dira eta harategiak, berriz, Artamendi, Beni, Gallega, Majid Amaña, Merk&to, Mugika, Oberena, Otegui, Rayan eta Tienda Jardines.

Bigarren pausoa herritarrak erosketak egitera doazenean tuperrak erabiltzera animatzea litzateke. Esandakoaren arabera, “norberak bere tuperrak erabil ditzake edo, bestela, kanpainarako sortutako ontziak eskura ditzake, 0’5 eurotan”.

Informazioa banatuko dute Untzagan

Kanpainari buruzko informazioa banatzen ibiliko dira Untzagan (udaletxeko arkupeetan) bihar (apirilak 5) 09:00etatik 13:00era, etzi (apirilak 6) arratsaldean, 16:30etik 19:30era, eta barixakuan (apirilak 7) goizeko 10:00etatik 13:30era. Ontziak informazio puntuan bertan eskuratzeko aukera izango da (0’5 euro ordainduta, ontzi bana etxe bakoitzeko, stock-a amaitu arte). Arduradunek guztira 2.100 ontzi banatzea aurreikusi dute.

Bestalde, kanpaina martxan izango den sei hilabeteetan zehar, herriko dendetan erosketak egiteko ontzi berrerabilgarria erabiltzen dutenek zozketa berezietarako txartelak lortuko dituzte. Hilean behin, 25 euroko balioa duten produktuen zozketa egingo da denda bakoitzean. Beraz, hilero saritan ia 500 euro banatuko dituzte Eibarren.

Cartel_Ontziratu1.3

Kutxa Ekoguneak 2011ko maiatzean ONTZIRATU ZAITEZ! kanpaina Hernanin martxan jarri zuenetik, egitasmoa Gipuzkoako ia 50 herrietara zabaldu da: “Hiru urte igaro dira, eta herritarrek ontzien erabilera barneratzen ari dira, eta ingurumena kaltetzen duen hondakin kopurua murrizten ari dira. Eibarren ere bide bera hartzea litzateke kanpaina honen helburu nagusia. Eta hori zuen, herritarren esku dago”.