EB-Turkia hitzarmenaren kontrako mobilizazioa deitu dute eguaztenerako

2016/03/15 18:02
eta kitto!
Martxoaren 16rako (eguaztenerako) mobilizazioa deitu du CARE taldeak, 18:30ean Untzagan, Europako Batasunaren eta Turkiaren arteko hitzarmenaren kontra protesta egin eta errefuxiatuen eskubideak errespetatzea eskatzeko.
Bilduren adierazpen proposamena
Bestalde, EH Bilduk CARE taldeak biharko deitu duen kontzentraziora gerturatzera animatu nahi ditu eibartarrak. Eta horrekin batera, Eibarko EH Bildu udal taldeak jarraian irakur dezakezuen errefuxiatuen egoerari eta Europar Batasuna-Turkia akordioari buruzko adierazpen proposamena aurkeztu du udalean:


EIBARKO UDALAREN ADIERAZPEN PROPOSAMENA

Zioa:
Europa orain dela hilebete batzuk bazirudien Egeoan suertatzen ari den porrot humanitarioaren aurrean erreakzionatzen ari zela. Era eskas batetan, baina zerbait mugitzen ari zen. Plan bat burutu zuen, pertsonen salerosketa bat zirudiena, baina gutxienez 120.000 pertsona birkokatzen zituena. Bost hilebete eta gero, 300 pertsona besterik ez ziren Europan birkokatzen zirenak. Estatu españolaren kasuan, 17.680 pertsona ziren espero zirenak eta 18 besterik ez dira iritsi, bat ere ez Gipuzkoara, aurreikusitako 333 pertsonetatik. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako aurreikusten ziren 1.000 pertsonetatik %33a, hain zuzen ere.
Europako Estatuak erreakzionatzen ari zirela zirudien, baina ez zen horrela izan. Joan zen astean izan dute benetako erreakzioa, etorkinen kanporatze masiboak proposatu dituztenean, gehiengoa gainera, asilo eskatzaile potentzialak. Diruaren truke egingo dira kanporaketak gainera eta Turkia bezelako hirugarren herrialdeak ordainduko dituzte pertsona errefuxiatuak jasotzeko. Aurreko neurriek pertsonen salerosketa kutsua bazuten ere, neurri berri hauek pertsonen trata kutsua dutela uste dugu.
Neurri hauek hartzen dituen Europa ez da Europa erreala, baina bai ordea, Europa ofiziala. Baina Europa errealetik eskatzen dizuegu, elkartasun eta erresistentzien Europatik, instituzio bezela honekin bat egiteko. Salatzen duen Europa, NBEk salatzen duen bezela, atzerritarren kanporatze zuzena eskatzen duen akordio bat europar legediaren eta nazioarteko legedia humanitarioaren aurkakoa dela; kanporatze kolektiboak Giza Eskubideen Europar Konbentzioagatik debekatuak daudela eta Turkia herrialde segurutzat hartzea gezurra dela, frogatuta bait dago herrialde honek errefuxiatuak Siriara bueltatzen dituela eta siriarrak tirokatzen dituztela mugaldean.
Baina biziki sentitzen ditugun bidegabekeriak, europar politikak jasaten dituzten pertsona guzti hauen sufrimenduak dira. Joan zen urtean Mediterraneoa zeharkatzen hil ziren 3.000 pertsona baino gehiagoren sufrimendu konpondu ezina edo aurtengo 300 pertsona baino gehiagorenak.
Joan zen astean Lesbosera heldu eta bertan blokeatuta geratu diren 3.000 pertsona baino gehiagoren sufrimendua, Atenasera joateko ferryak bertan bera utzi direlako Europar Batasunak aginduta. Atenasen blokeatuta geratuko diren 70.000 pertsona baino gehiagoren sufrimendua. Indarkeria polizialak eta mugaldeen militarizazioak eragiten duten sufrimendua, hortzdun hesiekin, ostiko, jipoi eta gas negar-eragileekin. Idomenin egun hauetan bizitzen ari diren indarkeria bezelakoa, Grezia eta Mazedonia arteko mugaldean. Bertan 15.000 pertsona daude pilatuta 1.600 pertsonentzako kanpamendu batetan, %30a haurrak direlarik. Ez dute ez ur ez jakirik, kanping dendetan daude, euritan eta hotzez.
Aurreko guztiagatik, Eibarko Udalak, aterpe-hiria den Eibarko Udalak, ondoko adierazpena aurkezten du eta Europako Batzordeari, Europako Estatueri eta berezi, Estatu españolari eskatzen die:
- Lehenbailehen bidaltzea laguntza humanitarioa Idomenira, Grezia eta Mazedonia bitarteko mugaldearen itsieragatik bertan harrapatuta dauden pertsonen beharrak asetzeko.
- Europar Batasuneko barne mugaldeak lehenbailehen zabaltzea, Idomenikotik hasita, bere itxierak eragiten ari den krisi humanitarioa ikusita.
- Bertara heltzen saiatzen ari diren pertsonentzat, Europara heltzeko bide seguruak ezartzea eta bide ez seguruetatik etorri diren pertsonen ez kanporatzea.
- Lehenbailehen gutxienez “Europar kupoan” adostutako 333 pertsonak Gipuzkoara lekualdatzea eta Gipuzkoako Foru Aldundiak horien harrera egitea.
- Asilo gaietan nazioarteko legea betetzea eta lege horien irakurketa zabala eta eskuzabala egitea, ez era murriztaile eta ez betetzean, gaur egun Europako estatuek egiten duten bezela.
- Pertsonen zirkulazio librea bermatzea, Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsaleko 13.artikuluak dioen bezela.
- Immigrazio politiken eraldatzea, Atzerritartasun Legea indargabetuz eta harrera eta giza eskubideen defentsan oinarritutako politikengatik apostu eginez eta ez zigor eta kanporatzeetan oinarritutakoetan, egungoak bezela.
- Errefuxiatuei buruzko Ez-ohiko Goi-bileraren baitan egindako Europar Batasuna eta Turkiaren arteko Akordio-Printzipioa baztertzea eta europar agintariei akordio hori berriz aztertzeko eskatzea.
- Hurrengo Europar Kontseiluan errefuxiatuen nazioarteko zuzenbidea eta errefuxiatuen harrera humanitarioa uztartuko dituzten neurriak hartzeko eskatzea.
- Azkenik, egoera larri hau aldatzen ez den bitartean, Eibarko Udaletxeko balkoitik Europar Batasuneko bandera kenduko dugula adieraztea.