Alazne Agirre eta Aitor Basurto (gizarte hezitzaileak): “Bazterketa soziala izateko arriskuan dauden gazteei laguntzen diegu”

Alazne Agirre eta Aitor Basurto (gizarte hezitzaileak): “Bazterketa soziala izateko arriskuan dauden gazteei laguntzen diegu”
2016/12/02 13:06
eta kitto!
Gipuzkoako hainbat herritan bezala, Eibarko udalak, Gizartekintza Sailaren bitartez, “Ingurune Irekiko Hezibide Programa” eskaintzen die gizarte integraziorako arazoak dituzten edo arrisku egoeran dauden adin txikikoei. Programa honetako ekintzak egin ahal izateko, Argatxako Jardiñetan zegoen lokala erabili dute azken urteotan, baina, irailaz geroztik, egoitzaz aldatu dute eta Udalak Isasi kalean (Abontza ondoan) dituen lokaletan dihardute lanean.  Eskola orduetatik kanpo, arratsaldez, han izaten dira Alazne Agirre eibartarra eta Aitor Basurto mendarotarra, biak gizarte hezitzaileak, eurekin lan egiteko prest.

– Aspaldiko programa izan arren, lan egiteko modua dexente aldatu da, ezta?
Urteekin gizartea aldatzen joan den heinean, programa bera ere aldatzen joan da. Lehen zailtasun egoeran zeuden gazteak kalean egoten ziren, eta horregatik metodoa eurak zeuden lekuetara hurbiltzea izaten zen. Gaur egun, berriz, zailtasunak dauzkaten gazteak, esate baterako, ordenadore baten aurrean egon daitezke,  etxean sartuta. Horregatik ikastetxeak dira horrelako arazoak dituzten haur eta gazteak detektatzen laguntzen digutenak. Gizartekintza Saila jartzen da ikastetxeekin harremanetan eta familiarekin hitz egin ondoren, tutoreek proposatzen dituzte gaztetxoak. Oso garrantzitsua da gurasoekin elkarlanean jardutea. Emaitzak askoz hobeak dira  gurasoen parte hartzea lortuz gero.

– Nolako arazoak izaten dituzte programa honen barruan dauden nerabeek?
10 eta 17 urte bitarteko adin gutxikoak dira, eta dituzten arazoak era desberdinetakoak izaten dira. Arlo pertsonalean, arlo sozialean batez ere, eta batzuetan familia arloan ematen diren arazoei irtenbidea ematen saiatzen gara.  Batzuetan integrazio problemak egoten dira, etorri berrien kasuan, esaterako. Batzuei etxeko lanekin ere laguntzen diegu, etxean ez dietelako jarraipenik egiten. Urtean zehar 60 bat gazte pasatzen dira hemendik. Astean behin edo birritan etortzen dira eta normalean arratsalde osoa ematen dute bertan.

– Zelako gauzak egiten dituzue?
Gehienetan taldeka banatzen ditugu, adinaren arabera eta bakoitzak dauzkan premien arabera. Euren gaitasunak lantzeko talde ekintzak egiten ditugu. Jarduera hauen bitartez harremanak lantzen ditugu; orain, adibidez, arte-terapiaren bitartez harremanak, emozioak eta autoestima lantzen ari gara. Artea tresna bezala erabiltzen dugu  gomendioak eskaintzeko eta pautak emateko. Uda sasoian ekintza bereziak egiten ditugu, prebentzio mailakoak batez ere, euren egoera txarrera joan ez dadin eta, konplikatuz gero, beste zerbitzu espezializatuagoetara bideratzen ditugu.

– Zailtasunak eragiten dituzten faktore konkretuak daudela esan daiteke?
Arazoak maila desberdinetan eman daitezke, baina baldintza ekonomikoa da gaur egun bazterketarako ezaugarri estruktural bat: familia ugariak, iritsi berriak, lan prekarietatea…