Aurkezpena

Ezagutu gaitzazu

Hogeita hamar urtetik gora daramatza …eta kitto! Euskara Elkarteak sorrerako helburu hura jomugan: Eibarren euskararen erabilera handiagoa lortzea eta bertoko herritarrak euskararen aldeko jarrerara hurbiltzea, elkartea euskalgintzan erreferente izanik eta euskaldunei biltoki eta elkar topalekua eskainiz.

Hamarkada hauetan, gizartea aldatzen joan den moduan, aldaketa eta berrikuntza asko egin dira elkartearen baitan, sasoi berrietara egokitzen joan da eta eibartarren premiak asetzen ahalegindu da eta dihardu, baina helburua ez da aldatu: Eibarren euskararen alde jardutea, Eibar euskaldunagoa lortzea. Eta helburu horiek lortze aldera, hainbat egitasmo, jarduera, ekintza eta programa antolatzen ditugu elkartetik.

Hedabideen arloan, urte osoan etxean jasotako 43 astekariez gain, arlo digitalean ere informatzeko aukera eskaintzen dugu, sare sozialetan (Facebook, Instagram, X, Whatsapp), ikus-entzunezkoen bidez… Eta, asteroko aldizkariaz gain, Txikitto! LHko ikasleekin eta ikasleentzat egindako hilabetekaria eta hainbat ale berezi ere argitaratzen ditugu. Euskararen erabilera sustatzeko proiektuen artean ditugu Berbetan (mintzapraktika-programa), Gurasoak Berbetan (familia-giroa eta gurasoen arteko giroa euskalduntzeko programa), Ongietorri (harrera eta elkarbizitzarako programa) eta Euskeraz primeran! (denda eta tabernetan euskararen erabilera sustatzeko programa). Euskararen Sozializazioa eta Transmisioari buruzko Mintegia antolatzen dugu urtero, Kulturgintzaren barruan Illunabarrian egitasmoa dugu batetik, era, gai eta formatu ezberdinetako hitzaldi, mahai-inguru eta ikuskizunak, eta, bestetik, Bertsolaritza. Urtean bi ekitaldi antolatzen ditu bertso-taldeak: Arrate bezperako Bertso Afaria eta San Andres jaietako Jaialdia, bertso-paper lehiaketarekin batera. Irakurzaletasuna bultzatzeko proiektuak ere baditugu: Harixa Emoten literatura tertuliak antolatzen ditugu hilean behin udal-liburutegiarekin elkarlanean, eta, gaztetxoei begira Ipurterre ipuin-lehiaketa. Herrigintza lantzen dugu, herriko jaietan parte hartuz eta herriko eragile ezberdinekin elkarlanean hainbat ekitaldi antolatuz: aratosteetako Pregoia, San Juan Sua eta Euskal Jaialdia, Kittonbolia, Sagardo Eguna, Euskararen Eguna, Tantanez Tantan…, eta euskara zerbitzuak ere eskaintzen ditugu: itzulpenak, motibazio-tailerrak, aholkularitza eta euskara-planak eta neurketak.