Leire Gandiaga (Kooperantea): ”Gauzak ondo formulatzen badira onurak pertsona askorentzat dira”

Leire Gandiaga (Kooperantea): ”Gauzak ondo formulatzen badira onurak pertsona askorentzat dira”
2016/09/23 07:18 eta kitto!
Leire Gandiaga Aldatze ikastetxeko ingeles irakasleak urteak daramatza Egoaiziarekin kolaboratzen. Uda honetan, 9 urte eta gero, Perura bueltatzeko aukera izan du. 2007an, Eibarko Udalak emandako elkartasun bekari esker, bi hilabete eman zituen Alto Trujillon kooperazio lanetan, Lorea Charolarekin batera. Oraingoan, berriz, Egoaiziako Gloria Mora eta Aldatze ikastetxeko Marixabel Albizurekin joan da, han martxan dauden hainbat proiekturen jarraipena egitera. Egoazia Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta Aldatze ikastetxeak Perun martxan dauden hainbat proiektutan parte hartzen eta laguntzen dute, Fe y Alegria eta CIPCArekin batera.

- Uztailean 10 egun eman zenituzten Perun proiektu desberdinen jarraipena egiten. Nola joan dira gauzak?
Marixabel eta Gloria urtero joaten dira baina niretzako esperientzia berria eta oso ona izan da. Alde batetik bestera ibili gara. 6 proiektu desberdin izan dira, Udalak, Diputazioak eta Garapen Lankidetzarako Euskal Agentziak lagundutakoak. 10 egunetan informazio asko jaso dugu eta oso pozlk etorri gara proiektu gehienek urteak daramatzatelako eta  biden onean doazela  ikusi dugulako. Inportantea da bertara joatea gauzak nola dauden ikusteko, eta aurrez aurrez egotea, esate baterako, emakume ekintzaileekin edo kakao ekoizleekin. Oso atsegina izan da entzutea euren seme-alabentzako hezkuntza on bat nahi dutela, gizonek onartzen dutela emakumeekin izan duten harreman hori ez dela egokia izan.... Informazio pila bat izan da. Dena oso programatuta eta lotuta eraman genuen, leku guztietara ailegatzeko. Urteak daramatzat kooperazio munduan baina bidai honetan ikasi dut lankidetzarena benetan engranaje handia dela. Gauzak ondo formulatzen badira onurak  pertsona askorentzat dira. Proiektuetan gauza asko hartu behar dira kontuan eta dena ondo artikulatu behar da. Gauza asko ikutzen dira eta ondo trebatuta dagoen jendea behar da han ere. Hango  teknikoak benetan zoragarriak eta jatorrak dira, injenieroak, psikologoak, hezitzaileak… Gau eta egun han daude, eta erabat konprometituta daude.

- Nondik nora ibili zarete?
Lehenengo Limatik hegoaldera joan ginen abioiez, Cuzco aldera, Fe y Alegriarekin batera. Bertan “nekazal eskolen sarea” proiektua dago martxan. 11 eskola batzen dituen proiektua da, Andeetako Quispicanchin. Han “todoterrenoan”mugitzen ginen. Haur horien ama-hizkuntza quechua da, baina gaztelania ere ikasi egin behar dute, eskolak eta sistemak horrela behartuta. Hizkuntza “inposaketa” horrek komunikazio arazoak dakartza eta, nahiz eta bertakoak eurak izan, alboratuta bezala daude. Nahiko autoestima baxua daukate, batez ere neskek. Quechuan bakarrik hiru bokal dituzte eta gauza asko ez dituzte ondo ahoskatzen. Proiektuarekin poemak errezitatu egiten dituzte (beraiek “declamación” deitzen diote), quechuaz eta gaztelaniaz. Ariketa asko egiten dira hizkuntza arazoak konpontzeko, guztia modu ludiko eta atseginean, Fe y Alegriak jarritako teknikoen laguntzarekin. Eskolara joatea da haur hauek daukaten altxorrik handiena. Proiektu horren helburuak emakumezkoak indarra hartzea, identitate kulturala lantzea eta euren autoestima garatzea da, eta zeregin honetan garrantzitsua da euren irakasleen inplikazioa eta konpromisoa lortzea.

- Eta Peruko hegoaldetik iparraldera, ia Ekuadorreraino…
Bai, Piurara joan ginen gero, iparraldera, berriro abioiez, CIPCAren 5 proiekturen jarraipena egiteko. CIPCA nekazalgoaren garapenerako eta ikerketarako erakundea da eta  44 urte daramatza Piuran lanean. Egoaiziak CIPCArekin kolaboratzen du garapen ekonomiko eta soziala suspertzea helburu duten hainbat proiektutan. Santa Catalina de Mossan, gazta eta beste  produktu batzuen komertzializazioaren bitartez, tokiko  garapen ekonomikoa sustatzeko egiten duten lana ikusi genuen. Eibarko Udalak sei urtetan lagundu izan du eskualde horretan. Beste proiektu bat 0 eta 5 urte bitarteko haurren osasuna eta zaintzarekin lotuta dago. Beste proiektu batzuk saneamentua edo udal gestioaren indartzea eta gobernagarritasun demokratikoa zuten ardatz bezala.

- Nolako egoera bizi dute nekazari eremuetako emakumeek?
“Banquitos comunales” proiektuko emakume ekintzaileekin egoteko aukera ere izan genuen. Bazkideak izaten dira eta gauza desberdinak egiten dituzte, batek janari-denda bat zeukan,  beste batzuk zumezko saskitxoak egiten zituzten, edo  lorontziak... Erakutsi eta aholkatu egiten zaie, guztia komertzializatzera begira. Oso langileak dira, gaitasun handia daukate baina eskola gutxi, eta ez da erreza. Gizartea oso matxista da eta emakume gogorrak eta ausartak dira. Oso zaila zen beraiei entzutean negar ez egitea. Peruko egonaldietan asko ikasi dut. Ez daukate ia ezer eta irribarrea denbora guztian aurpegian. Gauza gutxirekin zoriontsu izateko ahalmena daukate.