Zaloa Urain eta Haritz Lete: «Jarraitzeko gogoz gaude, baina ospatzekoa da egindako ibilbidea»
BERRIAko Odile Bourguignon Goñi kazetariak landu du elkarrizketa eta Creative Commons BY-SA 4.0 lizentziari esker ekarri dugu gure webgunera.
Eibarko (Gipuzkoa) lokal berean entseatzen dute Kokein taldeko kideek orain 26 urtetik. Zuzenekoak egiteko asmoarekin elkartu ziren lehenengoz, musika zaletasunak bultzatuta. Halere, orain arteko ibilbidea errepasatzeko baino gehiago, datorrenaz hitz egiteko elkartu dira, kontzertua baitute larunbatean, Gasteizen. Zaloa Urain abeslariak (Eibar, 1976) eta Haritz Lete bateria joleak (Eibar, 1979) ziurtatu dute kontzertua berezia eta bakarra izango dela. Izan ere, Bidea da helmuga diskoa aurkeztuko dute, eta diskoa osatzeko parte hartu duten kolaboratzaile guztiak egongo dira bertan, hala nola Eraso, Zea Mays, Maite Arroitajauregi, Miren Narbaiza, Ander Mujika, Joseba Baleztena eta Nakar taldeetako kideak. Izaskun Arrue kulturgunean izango da ekitaldia, eta 20:30ean hasiko da. Salgai daude sarrerak sarrerak.iak.eus webgunean.
Berezia da Bidea da helmuga iaz kaleratutako diskoa.
ZALOA URAIN: Bai, 25 urte bete izana ospatzeko moduko zerbait zela iruditu zitzaigun: hemen gaude, eta hemen jarraitzeko gogoz gaude, baina ospatzekoa da egindako ibilbidea. Ideia bat sortu zitzaigun: guk bost abesti berri egingo genituen, eta gure beste bost abesti lagunek moldatuko zituzten. Ideia izugarri polita iruditu zitzaigun, baita zaila ere. Ez genekien posible izango ote zen; finean, musikari esker lagun asko egin ditugu, baina haietako asko oso aktibo daude, eta proposatuko geniena ez zen horren erraza. Azkenerako, gure abestiak moldatzeko bost talde aukeratu, haiei komentatu eta pozik baiezkoa eman zigutenean, ideia polit hura prozesu hunkigarri bilakatu zen.
HARITZ LETE: Asmoa urteurrena ospatzea zen; alde batetik, zerbait berria sortzea, hau da, atzera begiratu beharrean aurrera begiratzea, eta, beste alde batetik, ospakizuna lagunekin partekatzea. Bakoitzari libre utzi genion nahi zuen abestia aukera zezan, eta batzuek gure diskografian horren ezagunak ez diren abestiei eutsi diete; emaitza oso berezia izan da, eta estilo desberdinetako kantuak sortu dituzte.
Eta larunbatean aurkeztuko duzue Gasteizen.
URAIN: Urtebete daramagu diskoa aurkezteko kontzertuak eskaintzen, baina, noski, kontzertu horietan ez ditugu talde gonbidatuek egindako bertsioak jo. Horregatik da berezia larunbateko kontzertua, bertan egongo direlako gure gonbidatu guztiak eta disko osoa zuzenean jo ahal izango dugulako.
LETE: Bakarra izango da: diskoan parte hartu duten musikari guztiak zuzenean ikusteko aukera bakarra.
«Berezia da larunbateko kontzertua, bertan egongo direlako gure gonbidatu guztiak eta disko osoa zuzenean jo ahal izango dugulako»ZALOA URAIN
Hortaz, zeintzuk izango zarete?
URAIN: Eraso taldea egongo da Itzalak abestiaren bertsio ikaragarri batekin, Zea Mays Lotuta egon arren abestiaren bertsioarekin, Maite Arroitajauregi [Mursego] Ate joka abestiaren kristoren bertsio batekin; oso Mursego dena, gainera. Egin baino lehen esaten zigun: «Nahi dudana egin dezaket, ezta?». Eta guk baietz, nahi zuena egiteko. Gero, Miren Narbaizak, Ander Mujikak eta Joseba Baleztenak Gora begiratzean abestia moldatu dute; jaso genuenean flipatu egin genuen. Eta, azkenik, Nakar taldea egongo da Zain egon gabe abestiarekin, itzela hori ere. Denek egin dute gurekin azken 25 urteetako ibilbidea; izan ere, Nakar gazteagoa izanik ere, Jokin Azpiazu —taldearen parte dena— lagun izan dugu urte guztiotan. Gainera, lagun izateaz gain, miresten ditugun musikariak dira.
Erraza izan al da 26 urteotan egindako bidea?
URAIN: Kanpotik begiratuta, horrenbeste urtez batera egotea ezinezkoa dela esango nuke; aldiz, nik bizitakoa ez da zaila izan. Oso ondo moldatu gara beti, eta bizitzak eraman gaitu elkarrekin egotera: bizitokiz aldatu ala ez, familia izan ala ez, inoiz ez da egon «ezin dut gehiago» esan duenik.
LETE: Sekretuagatik galdetu ohi digute, eta nik uste gakoa taldekide bakoitzaren erritmoa errespetatzea dela: kontuan izatea nola dagoen bakoitza, eta horren arabera aurrerapausoak ematea edo geldiuneak egitea. Badira taldeak 25 urtean disko mordoa argitaratu dutenak; aldiz, guk ez ditugu bereziki asko atera, gure erritmo propioaren arabera funtzionatzen dugulako.
URAIN: Taldea garrantzitsua da, baina lehenago gaude gu. Horrek indartu egin gaitu, bai talde bezala, baita lagun bezala ere.
LETE: Familia harreman bat sortu dugu, ohikoak diren gorabeherak tarteko.
Aldatu al da zuen musika hasi zinetenez geroztik?
URAIN: Bai, zorte handia izan dugu gauza berriak probatzeko prest egon garelako. Ez ditugu geure buruak behar baino gehiago sailkatu, gustatu zaigunarekin egin dugu aurrera. Adibidez, askotan esperimentatu dugu soinuarekin, eta ni ahotsarekin ere saiatu izan naiz konfort zonatik ateratzen eta jolasten. Finean, doinuez aparte, taldeak aldaketak izan ditu, pertsona moduan ere izan ditugulako. Musikak gure ibilbide pertsonalen araberako aldaketak bizi izan ditu.
LETE: Mantentzen dugu gurea den zerbait, gure DNAn edo. Baina denborak gauza berriak probatzeko gogoa sortzen dizu. Gure kasuan, hasierako diskoa lasaiagoa izan zitekeen —akaso akustikoagoa— edo ez horren rockeroa, eta, gero, rockeroago eginez joan ginen, eta, azkenaldian, musika dantzagarriagoa egiten dugu. Orokorrean, hori izan daiteke gure eboluzioa.
«Gakoa taldekide bakoitzaren erritmoa errespetatzea da: kontuan izatea nola dagoen bakoitza, eta horren arabera aurrerapausoak ematea edo geldiuneak egitea»HARITZ LETE
Orain hiru urte Kiliki Frexkorekin egin zenuten kolaborazio bat. Duela 26 urte esan balizuete autotunea sartuko zenutela, sinistuko zenuketen?
URAIN: Ba igual, bai. Gainera, Kilikirekin kasualitatez elkartu ginen: izatez Juanjorekin [Berasain] genuen adostua kolaborazioa, eta egun hartan Kiliki harekin etorri zen. Ezaguna genuen Chill Mafia, eta nik, adibidez, abesti batzuk ez nituen horren gustuko. Baina uste dut arazoa ez dela autotunea, baizik autotunearen gainean eraiki den estigma.
LETE: Azken batean, Kiliki halakoa da: autotunearekin egingo du, edo ez du egingo, eta hori inongo arazorik gabe errespetatzen dugu. Ez diogu hala sentitzen edo abesten duen norbaiti kontrakoa egiteko esango. Hori da haren egiteko modua, haren zigilua. Oso gustura egon ginen, orain arte egindako kolaborazio guztiekin bezalaxe.
Iaz Eibarko '...eta kitto!' euskara elkarteak omenaldia egin zizun, Zaloa. Zer sentiarazi zizun?
URAIN: Hasieran arraro samar sentitu nintzen; alde batetik, zu nagusi sentitu gabe ere, zure ibilbidea omendu nahi dutela esatean nagusi sentitzen zarelako. Baina, beste alde batetik, oso pozik, eskertzekoa delako jendeak zuk egindakoa kontuan hartzea. Nolabaiteko harrotasuna ere sentitu nuen. Egia da Eibarko sortzaile eta musikari izateaz gain, Eibarren bertan bizi eta irakasle ere banaizela; beraz, lotura handia dut herriarekin, baita zehazki ...eta kitto! elkartearekin ere. Oso egun berezia izan zen.
Rock talde bateko emakumea zara, sumatu al duzu jendearen aurreiritzirik hori dela eta?
URAIN: Bat ez, 8.000 aurreiritzi. Hasi ginenean nik uste ez nintzela —edo ginela— horretaz kontziente. Azken finean, ni lagunen artean nengoen, haietako bat nintzen, eta ez zegoen ezer aldarrikatzeko asmorik; besterik gabe, talde batean egoteko eta jotzeko gogoa nuen. Baina bidean gauza asko egon dira, eta nik pertsonalki lanketa bat egin behar izan dut; batez ere, sentitu dudalako gehiago eskatzen zitzaidala, hala fisikoari nola emakume izateari dagokionez. Bizi osoan izan ditugu inguruan gizonezkoak larregi pentsatu gabe musika egin dutenak, eta miretsi izan ditugunak. Aldiz, emakume naizen aldetik, exijentzia handia igarri dut beti, eta itxurari buruzko tontakeriak ere entzun izan ditut, baita gaur egun entzun ere. Ez ditut adibideak emango, iruzkin mozoloak izaten baitira. Baina norberaren egoeraren arabera, halako komentarioek eragina izaten dute autoestimuan, eta gogoan dut txiki sentitu izana. Orain ohartzen naiz, egoera horiei aurre egiteko, maiz saiatu izan naizela mutil batek duen rola neureganatzen, edo, behintzat, nire feminitatea murrizten. Halere, ezinezkoa izan da, naizen bezalakoa naizelako. Urteen poderioz, lanketa bat egiten duzu, bai pertsonala, bai taldekoa —baina lanketa eginda, e!— eta ikasten duzu zu, zu zarela. Hala, besteen iritziek garrantzia galtzen dute. Dena den, entzule moduan ere sumatu izan dut aurreiritzien eragina.
Musikak ematen du gai sozialak lantzeko aukera...
URAIN: Nik uste guk ere egin ditugula gai sozialak lantzen dituzten abestiak, baina, askotan, gerora konturatu naiz horretaz. Sentitzen nuenari buruz idatzi izan dut, jakin gabe soziala zela ni bizitzen ari nintzena. Gure ibilbidean gauza asko lortu ditugu, eta uste dut harro egon gaitezkeela; halere, asko dago egiteko. Gure ondorengoek erreferenteak merezi dituzte, eta, ez soilik, emakume abeslari erreferenteak —ohikoagoak direnak—, baita bateria joleak, gitarristak, baxu jotzaileak edo teknikariak. Musikaren alor askotan emakumeen falta sumatzen dut.
26 urteko ibilbidea bai, baina bidean aurrera egiteko asmoa ere baduzue.
LETE: Ez dugu hitz egiten taldea uzteari buruz; ez dakigu gure ibilbidea noiz amaituko den, egunetik egunera egiten dugu aurrera. Egia esateko, atzera begiratzeko joera handirik ez dugun bezala, datorrenari ere ez diogu askorik erreparatzen. Momentuaren arabera funtzionatzen dugu: gogoaren arabera egin, eta listo.