Mikel Arrizabalaga: “Euskal mendizaletasuna kirola baino gehiago izan da"
- Zertaz hitz egingo duzu Klub Deportiboan emango duzun hitzaldian?
Azken 35 urte hauetan mendiarekin zerikusia duten argitalpenak eta horien kontsumoak, komunikabideen jarrerak, norbanako, mendi elkarte eta federazioen jokamoldeak, mendia eta euskal literaturaren arteko harremanak eta abarren inguruan nire burutapenak azaltzen ahaleginduko naiz. Kasu guztietan euskararen presentzia nolakoa izan den eta nolakoa den gaur egun azpimarratzen saiatuko naiz.
- Zer sasoitan ikusten duzu mendizaletasuna Euskal Herrian?
Sasoi onean dagoela uste dut. Zalantzarik gabe herri ibiltaria gara eta nabarmena da mendizaletasuna oso sustraiturik dagoela gure gizartean. Geroz eta gehiago gara gure herriko geografia margotzen duten gailur eta basoetara joaten garenak, baita urrutiko mendi garaietara ere.
Euskal mendizaletasuna, bere ibilbide historikoaren une desberdinetan, kirola baino gehiago izan da, hizkuntzaren berpiztearekin edota jarduera politiko, zientifiko eta kulturalarekin lotuta egon da. Horrela, euskal mendizaletasuna, gure herrian gertatu diren aldaketa sozial, politiko eta ekonomikoen bilakaeran txertatu eta egokitu da.
- Zeintzuk izan daitezke mendiaren munduan euskara galtzearen arrazoiak?
Gure gizartearen eremu guztietan euskararen ezagupenak gorakada nabarmena izan du, baina ez gure hizkuntzaren erabilerak, eta horrek kezkatzeko arrazoiak ematen ditu. Globalizazioaren eta inguruko estatuen hizkuntza menperatzaileen eragina nabarmena da eta aisialdiarekin lotutako jarduera guztietan gertatzen den legez, mendi jardueretan ere islatzen da egoera tamalgarri hori.
- Zein da mendia euskaraz bizitzeko bidea?
Bide bakarra dugu. Batzuek militantzia deitu izan diote, baina nik nahiago dut konpromisoa hitza erabiltzea, gure hizkuntzarekiko konpromisoa azaltzea, euskara izan dadila mendiaz gozatzeko tresna. 1980an munduko gailurrik altuenera iritsi ginen euskaldunak, baina zalantzarik gabe, oraindik bide luzea ibili beharra dugu euskararen gailurra zapaltzeko.