IOSU RODRIGUEZ: “Gorputz harmoniatsua edukitzea da garrantzitsua, hau da, goitik eta behetik parekatua izatea”
Denbora asko darama bere ametsetako helburua lortzeko prestatzen, baina dagoeneko gertu dauka eguna. Iosu Rodriguezek Munduko Kulturismo Natural Txapelketari bota zion begia aspaldi eta azaroaren 15ean eta 16an izango du lortzeko aukera. Horretarako, Dubaira jo beharko du, han arituko baita munduko onenen aurka.
Elgoibartarra da Iosu Rodriguez, baina Eibarren dihardu entrenatzen orain dela hainbat urte. Urteak daramatza azaroko zita prestatzen eta xehetasun txikiena ere zaintzen du bere lana ahalik eta ondoen egiteko. Aurretik, ostera, Italian arituko da, Galaxy Pro Show proban, eta zapore onenarekin ekin nahi dio Dubaiko erronkari.
Aste biziak dituzu aurretik!
Oso biziak! Entrenamenduaren fase honetan egunean 8 litro ur edan behar ditut, gatzarekin, eta oso gogorra da, baina hau pasa behar dut helburua lortzeko.
Eta hori, zergatik?
Gorputza lehortzeko. Hau da egiten dudan lehen doikuntza, Italiako proba aurretik beste bat egingo dut eta ikusiko da Dubaikoa baino lehen beste bat egiten dudan.
Lehenik, Italian lehiatuko zara eta, gero, Dubain. Nola egiten diezu aurre proba biei?
Nire helburu nagusia Dubaikoa da. 2022ko Munduko Txapelketan, Pragan (Txekiar Errepublika), 3. postua eskuratu nuen profesionaletan. Nire debuta izan zen eta aho-zapore ona utzi zidan. Beti nahi izan dut txartel profesionala edukitzea, baina ez nuen pentsatzen lortuko nuenik. Amateurra izan naiz beti eta txapelketa jakin batzuetan emaitza onak lortuz gero ematen dizute txartel profesionala, eta nik lortu nuen.
Horrek bultzada eman zion zure karrerari? Beste modu batean jarduteko aukera eman dizu?
Profesionala izanda, herrialde bakoitzeko lehen parte-hartzailearekin irteten naiz eszenatokira. Gainera, lehen dominak bakarrik irabazten nituen, baina orain baita dirua ere. Hori bai, era berean, parte hartzeko diru gehiago ordaindu behar da. Kirol honek ez du diru asko ematen. Pragan 3. geratu nintzen eta 300 euro jaso nituen... eta nik 270 euro ordaindu nituen parte hartzeko! Orain, Italiako proban, lehenak 1.500 euro irabazten ditu printzipioz, baina parte-hartzaileen araberakoa da hori. Dubain diru gehiago ematea espero nuen, baina 700 euro izango dira irabazlearentzat.
Eta horra heltzeko, nolako inbertsioa egin behar izan duzu?
Nik gastatutakoa irabazi dezakedana baino askoz ere gehiago da. Hori bai, txapelketan lan ona eginez gero, babesleak etorri ahal zaizkizu. Zentzu horretan, eskerrak eman nahi dizkiet Eibarren eta Elgoibarren ditudan babesleei.
Nolako lana egin duzu urte hauetan?
2022. urteaz geroztik dihardut txapelketa prestatzen. Azken bi urteetan jo eta su aritu naiz. Era berean, bizitzaz gozatu behar da ere, hau zaletasuna delako eta bizitzako beste kontu batzuk ezin direlako albora batera laga. Honetan bakarrik ibiliz gero, asebete eta gogaitu egin zaitezke. Orduan, lagunekin eta abar ibili naiz, baina baita entrenatzen ere, hori beti. Azken 20 asteak izan dira benetan buru-belarri ibili naizena hau prestatzen.
Beraz, arlo fisikoaz gain, burua ere landu behar da, ezta?
Niretzat ezinbestekoa da egunerokoaz gozatzea. 24/7 zaude momentu handian pentsatzen eta, gero, momentua heltzen da eta 10 minutu besterik ez dira. “Eta orain zer? Hiru urte daramatzat jo eta su 10 minuturako?”, pentsa dezakezu. Horregatik diot garrantzitsuena egunerokoaz gozatzea dela.
Eszenatoki gainean zu bakarrik zaude, baina noren laguntza jaso duzu hortik kanpo?
Orain, Bilboko Yerayrekin ari naiz eszenatoki gainean egin beharreko posturak-eta, posinga, lantzen. Bestalde, Iune ere, nire entrenatzailea, Bilbokoa da. Zortzi urte daramatzat berarekin eta oso pozik nago. Gero, nire kabuz entrenatzen dut Iron gimnasioan.
Eszenatokira igotzean zein izaten da zure eginkizuna?
Eszenatokira banan-bana igotzen gara eta norberak bere burua aurkezten du. Horretarako, 30 segundo inguruko aurkezpena egiten dugu. Dubairako zerbait berezia prestatu dut, atentzioa emango du. Gero, lerroan jartzen gara, atzean. Denok eszenatokian gaudenean, aurrera egiten dugu eta hor hasten dira konparaketak. Asko izanez gero, epaileek zenbakien arabera deitzen digute aurrera egiteko. Normalean, lehen deian aurrera egiteko esaten badizute, zerbait polita ikusten dutelako izaten da, gauzak ondo doazen seinale.
Epaileek zer baloratzen dute?
Ondo taularatzea, modu seguruan aurkeztea, posinga perfektua izatea, kondizio gardena edukitzea, oso lehor egon behar zara... Nire kategorian, ‘men fitness pro’, gorputz harmoniatsua edukitzea da garrantzitsua, hau da, goitik eta behetik parekatua izatea.
Zein da zure punturik indartsuena?
Sorbaldak eta bizkarra. Hankak ere asko hobetu ditut aurten, eta baita bularra ere.
Zein helbururekin zoaz?
Munduko Txapelketa da nire helburua. Ez dakit zer gertatuko den, baina hori bakarrik dut buruan.