Gaur hasiko dira Mogel Isasikoen "Isaskara" musikalerako sarrerak saltzen

Gaur hasiko dira Mogel Isasikoen "Isaskara" musikalerako sarrerak saltzen
2018/03/12 eta kitto!
Mogel Isasi BHI ikastetxeko ikasleek ikuskizun musikala prestatzen dihardute. Apirilaren 20an, 18:00etan aurkeztuko dute lana, Coliseo antzokian, eta sarreren salmenta gaur hasiko da.

Hilabeteak lanean eman eta gero, geroz eta gutxiago falta da Mogel Isasi BHI-ko ikasleek prestatu duten musikalaren emanaldirako. Ikastetxea Isasi kalean dagoela eta, hor sortutako mugimenduari erreferentzia egin nahi izan diote ikuskizunari izena ipintzeko orduan eta “Isaskara” deitu diote.

Aurreratu digutenez, “Saharar lurretatik ailegatutako neskatila bat izango du protagonista. Hemengo egunerokotasunean murgiltzen hasiko zaigu, zer gertatzen zaion, ingurukoek nola hartzen duten, bertako ohiturak nola deskubritzen dituen eta beste kontu ugari erakutsiko dizkigu lanak. Institutuko eguneroko arazoak agertuko zaizkigu, umore puntu batez, beti ere ikasleen ikuspuntutik. Eurentzat eskola zer den edo nola irudikatzen duten ikusi ahal izango dugu ordubete pasa iraungo duen emanaldian”.

Musikalaren ekoizpenerako Hauspoa programa eta Eibarko Euskararen Plan Estrategikoa, biak lotu dituzte eta, ikastetxeko Gurasoen Elkartetik azaldu dutenez, “aipatu beharra dago, irakasleen laguntza izan duten arren, ikasleek egin dutela musikala ia ia goitik behera, horrek dakarren lan guztiarekin, are gehiago horrelako lanetan hasiberriak diren neska-mutilentzat. Bistan da musikala osatzea ez dela ahuntzaren gauerdiko eztula. Orduak behar dira lanean, sortuz eta ikasiz, entseguak eginez, gidoiak landuz, dantzak eraikiz eta pertsonaien azalean interpretazioak burutuz. Zeregin guzti hauetan ibili dira, ahalegin berezia eginez, Mogel Isasiko ikasleak, berritzailea den musikalaren proiektua gauzatu ahal izateko. Ikasleen sorkuntza gaitasuna eta arte tradizio ezberdinen lanketa garatzeaz gain, euskaraz topaleku dibertigarria izan dute gazteek, eskola orduetatik kanpo, bestelako kontuak ere euskaraz egin daitezkeela ikusiz eta frogatuz”.

Mogel Isasi ikastetxeak ezarrita duen Hauspoa programari esker, ikasleek eskola ordutegitik kanpora hainbat tailer eta ikastaro egiteko aukera izaten dute eta, ikasturte honetan, horiek baliatu dituzte musikala prestatzeko. Horrez gain, profesionalen laguntza eta gidaritza ere badute: Andrea Covadonga antzezlea interpretazio eta kantu zuzendaritzaz arduratzen da, dantza alorra gidatzen Josu Mujika irakasle eta koreografoak dihardu eta gidoia prestatzeko tailerra Jokin Bergara bertsolariak zuzendu du. Horrez gain, ikastetxeko irakasleak eta hainbat guraso laguntzen dabiltza.

isaskara musikala28 isaskara musikala30