Jose Zugasti, eskultorea: "Burdinak barruko sentimenduak ateratzeko bidea eman dit"

Jose Zugasti, eskultorea: "Burdinak barruko sentimenduak ateratzeko bidea eman dit"
2016/09/23 12:29
eta kitto!
Gaur arratsaldean, 19:00etan inauguratuko du Jose Zugasti artista eibartarrak erakusketa Portalean. "Biharra, arimakoa" izenburuko proiektuan Patxi Laskaray argazkilaria izan du bidelagun. Erakusketarako aretoa bere osotasunean erabili du artistak eta, ikusgai ipini dituen artelanei begiratuta, Zugastiren ibilbideari errepasoa emateko aukera bikaina izango dute bisitariek. Urriaren 16ra arte egongo da ikustera joateko aukera, martitzenetik domekara bitartean, 18:30etik 20:30era. Erakusketarekin batera, horren osagarri gisa, datorren asterako, eguenerako hitzaldi-solasaldia prestatu dute erakusketa aretoan bertan, eskulturaren prozesuari buruz artistarekin berbetan jardun nahi duten guztientzat. Solasaldia 19:00etan hasiko da. Gaurko dena prestatzen aurkitu genuen Zugasti eta bere ahotik jaso genituen Portalean gaur zabalduko duen erakusketari buruzko azalpen guztiak.

- Nolako erakusketarekin zatoz zure herrira?
Izenburua "Biharra, arimakoa" ipini diot, txikitatik entzun dudan "biharra" berba hartuta eta, atzetik "arimakoa" gehituta, metafora modukoa planteatzeko asmoz. "Biharrak" batetik lanaren adiera hori badu, baina badago ikusten ez den barruko beste bihar bat, asetzea eskatzen digun premia moduko bat. Gauza bi horiek izan ditut kontuan erakusketa hau prestatzeko orduan.

- Eta hortik abiatuta, nolako artelanekin osatu duzu erakusketa?
Oso gazte nintzela, 17 urterekin joan nintzen Eibartik kanpora ikastera, baina hala ere betidanik sentitu izan dut oso lotura sendoa hemengo tailerretako giroarekin, estetika industrialarekin… Bila joan barik ere tailerrak, arkitektura industriala, materialak… etenbarik nire lanetan irtetzen joan dira horiek eta erakusketa honetan horiek izango dira ardatza. Bestalde, nire lanekin batera nire obrarekin sentsibilitate handia duen Patxi Laskaray iparraldeko argazkilariaren hainbat lan ere ikusgai ipini ditugu.

- Batez ere eskultore moduan zara ezaguna, baina erakusketan sartu eta margolana aurkituko dugu beste ezer baino lehen…
Bai, sarrerarako antzinako lan bat, 1982. urtean egindako koadroa aukeratu dut. Izan ere, margolari moduan hasi nintzen ni eta sasoi hartan margotutako koadroa horren aztarna modukoa da: margotutako figura desgastearen, materiaren demolizioaren metafora modukoa dela esan daiteke.

- Eta zergatik egin zenuen eskulturara saltoa?
Barruak eskatzen zidanari erantzuteko, margotutako koadroetatik kanpora ateratzeko beharra nuela sentitu nuen eta horretara ipini nintzen. Nire lehen burdina tailerra zuen aitan lagun batek, Albizurik eman zidan eta horrekin hasi nintzen lanean. Hasieran burdinarekin lan egiteko teknikarik ez nuen ezagutzen, baina barruan sentitzen nuena adierazteko behar horrek bultzatuta, hori lantzeko moldatu nintzen. Gero, denborarekin, teknika ikasi eta lantzen joan nintzen. Nire kasuan, eskulturak sortzeko orduan, materiarekin betetzen joan baino gehiago, materia kentzen joatearen aldekoa izan naiz. Burdinak erabilita gizakiaren hauskortasuna, estabilitate eza eta beste sentimendu asko azalarazteko bidea aurkitzen joan naiz. Hemen dauden lanetako batzuetan, adibidez, materiaren hutsuneak pisuaren sentsazioa adierazten duela ikus daiteke, pisuaren forma falta den horretan antzeman daiteke. Tailerretako giroa, usaina, koloreak… erakusketan horiek guztiak biltzen ahalegindu naiz.

- Eskultura handi asko sortu dituzu...
Bai, nire lanaren zati handi bat obra publikoari eskaini diot. Eskulturaren eta ipiniko den tokiaren arteko lotura bilatzen ahalegindu naiz horrelakoetan. Adibidez Bilboko Euskaldunan dagoen lanak toki horretan bizi izan ziren gatazkak, sufrimendua, mina… horiek guztiak transmititu nahi ditu, sasoi batean toki horretan bizi izan ziren sentimenduak aditzera ematen ahalegindu naiz.

- Eibarren ere badago zure lan bat, "Formen dantza" izenekoa. Egogainen dagoen hori berezia da zuretzat? Zer sentitzen duzu Eibarrera etorri eta hori ikusten duzunean?
Ba alde batetik harrotasun modukoa sentitzen dut, baina horrekin batera erantzukizun edo ardura modukoa. Jendeari gustatuko zaion ala ez, zer pentsatuko duen… kezka moduko hori ere sentitzen dut. Eskultura horrek luzaroan gordeta egon diren sentimendu asko azalarazten ditu eta horrek beti eragiten dizu beldur modukoa. Bestalde, Eibartik kanpora horrrenbeste urte eman eta gero, nahitaez beti dago idealizaziorako joera moduko bat, hemen geratu direnek ez daukaten bestelako begirada izaten da. Baina horrelakoak albo batera lagata, bada berezia, bai. Eibarren, toki horretan propio ipintzeko sortutako lana da: hor Kakalardokua egon zen, zubi estua egon zen, esaten dutenez kakalardoak handik pasatzen ziren eta eskulturarekin tokiak izan duen metamorfosia bera adierazi nahi izan dut, sasoi bateko zubia, kakalardo babeslea… eta arku-dantzarekin lotura ere badu. Erakusketan horretan oinarritutako konposizioa ikusteko aukera izango da.

- Jendeak, orohar, zure artelanak ulertzen dituela uste duzu?
Figuratiboak direnak ulertzeko arazorik ez da izaten, dena dela lanen aldamenean azalpen didaktikoren bat egoteak beti laguntzen du. Baina ulertu baino gehiago, jendeak begiratu eta zer ikusten duen, horrek dauka garrantzia. Musikari, adibidez, ez diogu galdetzen zer esan nahi duen, entzun eta nahikoa izaten da. Bestalde, artearen munduan "esnobismo" asko dagoela uste dut. Norberak bere burua artistatzat izatea pretenziosoa dela pentsatzen dut. Potentzialki denak artistak garela uste dut nik, denok daukagulako barruko sentimendu horiek kanpora ateratzeko behar edo premia hori. Gero, hori lortzeko, motibazioa izatea beharrezkoa da.

- Zertan zabiltza orain?
Ba osasun arazoak direla eta, eskulturak egiteari laga behar izan nion 2011n. Gauzak horrela, nire hastapenetara buelta egin dut eta berriz margotzen hasi naiz. Papel gainean akrilikoak margotzen ditut orain. Barruko beharrak asetzeko formula moduko bat aurkitu dut eta horretan nabil orain, nire bideari jarraituta.

jose-zugasti-15 jose-zugasti-9zugasti_formen-dantza-2