Juan Palacios, zinemagilea: “`Pedaló´ Eibarren ikusteko aukera izango dugula espero dut”

Juan Palacios, zinemagilea: “`Pedaló´ Eibarren ikusteko aukera izango dugula espero dut”
2016/09/29 19:00
eta kitto!
Juan Palacios zinemagile eibartarraren “Pedaló” lehen film luzeak Irizar Saria irabazi du Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioaren barruan. Egun Kopenhagen bizi den Euskal Zinemaren arloko sari nagusiaren irabazleak gaurdaino bideo esperimentalarekin, ikusizko egunkariekin, film-saiakerekin eta behaketa-dokumentalekin egin du lan. Bere filmek naturaren eta giza kulturaren arteko mugak aztertzen dituzte, baita zinematografiako prozesua bera ere. Saritutako lanean bigarren eskuko pedaló batean igota hiru lagunek Euskal Herriko kostatik egiten duten 150 kilometroko ibilbidea kontatzen du, hiru “marinel” horien espedizioa dokumentatuz. Ehun ordu grabatu zituen.

- Ezustea izateaz gain, zer da sari hau zuretzat? Zertan lagundu zaitzake?
Donostiako Zinemaldian egotea bakarrik nahiko sari da berez. Etxean egindako produktua besterik ez da izan aurkeztu duguna, lagunen artean konpartitzeko balio izan diguna. Interes handia piztu du hasieratik eta sarrerak lortzeko mugimendu asko nabaritu zen. 20.000 euroko sariari esker beste proiektu batzuetan sartzeko aukera eskainiko dut. Horrez gain, nigan gehiago sinesteko balioko dit eta, zer esanik ez, baita denbora irabazteko eta baldintza hobeagoetan lan egiteko ere. Diru barik hasi nintzen istorio honetan eta orain ate batzuk irekiko zaizkidalakoan nago.

- Ezusteekin jarraituta, zure lanak izan duen ibilbidea nahiko berezia izan da. Baztertuta geratzeko zorian ere izan zen, hor gordeta... Badira urte batzuk "Pedaló" errodatu zenutela...
Egia da. Errodajea 2012koa da. Pelikula ez zetorren bat hasieran pentsatutakoarekin. Nire buruan idealizatu eta erromantizatu egin nuen proiektua eta hor egin nuen topo lehenengo ezustekoarekin. Esaten da ba “urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau!": horrelako zeozer gertatu zitzidan. Baina, behin grabatzen hasita, “jarraitu beharko dut” esan nion nire buruari. Azkenean, lau aste eman nituen errodatzen. Emaitzarekin, jakina, ez nintzen pozik geratu; eta ez nekien esku artean nuena zelan kontatu, zatiak besterik ez bainituen, apurtutako zatiak gainera. Huskeriak iruditzen zitzaizkidan, baina konturatzen hasi nintzen euren guztien artean bazeudela oso benetakoak ziren gauzak. Guzti horiei osotasun moduko bat emateko gauza nintzela sinestuta, azkenean zeozer autentikoa egin dugulakoan nago.
juan-palacios
- Zer da aipagarriena Pedaló-n? Ahalegindu zara bizitzak, sentimenduak, adierazten... baina ingurugiroa eta arduratzen zaituzten bestelako gaiak ere ez dituzu baztertu.
Nire ustez, bi geruza modukoak nabarituko nituzke dokumentalean: abentura, alde batetik, eta saiakera, bestetik. Bi generoen konbinazioa dagoela esango nuke. Formari dagokionez, lan era berezia egin dugu. Istorioari dagokionez, bestalde, domingeroa eta absurdoa dela esan dezakegu beldurrik gabe. Puntu patetikoa ere badu 30 urteren bueltan diren hiru lagunek horrelako zeozer bizitzera animatzea. Eta zer esanik ez ni neu, zuzendari bezala, hor egotea: lan absurdo bezain poetikoa eginez.

- Lan neketsua izango zen zurea, ia dena zure gainean erori zelako. Hala ere, laguntza ere jaso izan duzu, ezta? Eskerrak behintzat banatu zenituen saria jasotzera igo zinenean...
Editore, produktore, argazkiak, soinua... bai, lan guzti horietan jardun izan dut. Baina errealitatea da hainbat mesede ere jaso ditudala: kredituak egiteko, posterra bera osatzeko... Arreba-eta izan ditut ondoan, Arte Ederrak egin ditu eta laguntzeko prest zegoen.

pedalo-fotograma

- Zure aitaren kurrikuluma ere ez da nolanahikoa argazkigintza munduan, ezagutzen dugunez. Berarekin egin duzu lanik?
Ba bai, bera ere izan da laguntzen. Plano batzuk berak egindakoak dira. Igartzen diren bereak zeintzuk diren? Amak ondo harrapatu ditu, ezagutzeko gauza izan da. Baina gauza ezberdinak dira zinema eta argazkigintza, badago alderik.

- Baduzu antzeko erronkei eusteko asmo berririk? Zeintzuk izan daitezke zure hurrengo proiektuak?
Argi dut pelikula gehiago egin nahi ditudala. Eskuartean badut luzemetraia bat egiteko proiektua, diru gehiagorekin eta talde handiago batekin. Ea hurrengo udarako gauza garen errealitate bihurtzeko!

- Eibarrera bueltatzeko asmorik? Gogorik bai?
Behin baino gehiagotan jardun izan dut horren inguruan. Ez dut uste Kopenhagen betirako geratuko naizenik... Itzulita ere, ez dakit Eibarrera izango zen edo beste norabaitera. Udan, behintzat, etxera bueltatu naiz. Eta ondo.

- Zure burua zertxobait auspotzeko behintzat balioko zizun lortutakoak. Ideia txikiekin ere gauza handietara iristeko aukera hor dagoela sinesteko... Ez ba?
Zurikerietan ibili barik, onartu behar dugu pelikula oso txikia dela gurea. Umiltasunetik, ez dago beste biderik-eta: milioitik gorako aurrekontuekin egiten diren gauzen artean, gure pelikulak 2.000 euroko kostoa izan zuen. Emaitzak bai eskaintzen digula bide horretatik jarraitzeko konfiantza. Zinemaldian bizi izan genuena horren adierazgarri da: sarrerak egun guztietan agortu ziren. Eta, benetako lagunetik aparte, jendearekin konektatzea lortu dugu. Hain bakarrik egindako proiektuaren hizkuntza berezi hori jendeak ulertzea arrakastatsua da. Kodifikazioan asmatu dugu eta funtzionatu du.

- Zure lana aurkezteko eskatuko bagenizu, zer esango zenioke jendeari? Zer aterako du ikusleak dokumentaletik?
Benetako pelikula dela, oso egiazkoa. Istorioak, gauza hunkigarriak kontatzen dituen neurrian, umoretik ere asko duela. Emozioen espektro handira heltzen dela eta gorabehera asko eskaintzen dituela, pedaleoaren martxa berean. Nahikoa esan dizut, oso saltzaile eskasa naiz-eta.

- Hemendik aurrera, zelako bidea izango du dokumentalak? Non ikusi ahal izango da?
Ideia jaialdietatik mugitzea da, baita atzerrian ere. Nahiko Euskal Herrikoa da lana eta kanpotik ikusita exotikoa suerta daiteke, baita utopikoa ere. Euskal Herrian posiblea izanda ere, baditu puntu arraroak, surrealistak ere deitu daitezkeenak. Hori bai, atsegina da eta erraza ikusteko, edonorentzat aproposa. Gustatuko litzaiguke zineetan sartzea eta produktoreak tour antzerakoa egiteko asmoa du kostaldeko herrietatik, dokumentala aire librean ikusteko aukera eskainita. Eibarren ikusteko aukera izango dela espero dut.

juan-palacios-hondartzan