Asier Ibaibarriaga (bertso-epailea): “BEC lekurik aproposena da bertso txapelketaren finalerako”

Asier Ibaibarriaga (bertso-epailea): “BEC lekurik aproposena da bertso txapelketaren finalerako”
2017/09/22 eta kitto!
Asier Ibaibarriaga ermuarrak bihar Baigorrin hasiko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko epaile lanetan jardungo du abendura arte. Hogei lagun izango dira guztira epaile talde horretan. Aurretik gai-jartzaile jardun zuen, 2001. eta 2005. edizioetako txapelketetan, eta 2009. eta 2013. urteetan egindako bidetik, aurten bere hirugarren aldia izango da epaile moduan. Saioetako epaileak trebatzeko lanetan dihardu batez ere, zeregin horretan Martin Aramendi lagun duela, aztertze eta zuzentze etengabeko prozesuan.

– Urtean zehar zelako entrenamendua izaten duzue?
Epaileen Bizkaiko lehendakari izendatu ninduten orain dela bost urte eta ordutik epai-mahaitik kanpo dago nire zeregina. Batez ere, herriz-herri jarduten dut epaile berriak sortzeko eta trebatzeko lanean, puntuazioak-eta aztertuz.
– Bertso-jaialdi askotara joaten zara?
Lehen gehiagotan egoten nintzen. Azken aldian urtero 40 saioren bueltan ibiliko naiz. Presentzialki jarraitu baino, irratitik eta internetetik jarraitzen ditut asko.
– Azken aldian zalegoa aldatu dela esango zenuke? Gaztetu egin delakoan zaude?
Zaletua aldatu dela argi dago. Egia esan, horretarako erreminta gehiago ere badago. Kritikari eta adituen multzoa ere handitu egin da eta gaur egun bertsolaritzaren inguruko mundu hori hobeto ulertzen da. Gazteak gerturatzeaz gain, bertsolaritzak kolore anitzagoa hartu du eta belaunaldien arteko aldaketa ere eman da.
– Bertsoak puntuatzerako orduan, aldaketak izan dira azken aldian?
Epaileak behin puntuazioa emanda, ez du zuzentzeko aukerarik izaten. Epaileen iritziak, bestalde, desberdinak izaten dira eta, horrez gain, momentuko inpresioak bideratutakoak askotan... Horregatik dira hain beharrezko entrenamenduak eta, erabakia subjektiboa izango bada ere, beti dago aukera elkarrengandik ikasteko eta jazten joateko.
– Barakaldoko BEC-ari finalerako toki aproposena deritzozu?
Beste areto batzuk ere aztertu dira, baina une honetan ez dago horrelako erraztasunik ematen duenik eta hainbeste jenderentzat lekurik eskaintzen duenik. Oso ondo komunikatuta dago, metroa bertaraino, ingurune aproposa, audiorako garantia handia eskaintzen du... Abantaila asko ditu. Betirako izango den? Hori ezin dugu esan.
– Txapelketak zer dira bertsogintzan?
Egunerokoaren erakusle, egiten denaren islada den neurrian. Leku askotara iristeko aukera eskaintzeaz aparte, elkartearentzat sarrera bat ere bada: gure proiektuak aurrera egiteko, plaza berritzeko... Jendea gosez egoten da halakoetan, bestelako entzulego  bati zabaltzen dizkiogu ateak... beharrezko mugimendua eragiten du.