Itsasoz bestaldeko 11 euskal dantzari izango dira aurten Arrateko ezpata-dantzan

Argentinako Tandil hiriko Betirako euskal dantzari taldeko kideek Kezkako dantzariekin batera egingo dute emanaldia, bihar, Arrate Egunean.
Itsasoz bestaldeko 11 euskal dantzari izango dira aurten Arrateko ezpata-dantzan
2026/09/07 13:43
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Arrateko ezpata-dantzak gonbidatu bereziak izango ditu aurten. Alde batetik, Gasteiztik etorriko dira Amagoia Egiluz eta Jon Fernandez, lehen aldiz Arrateko ezpata-dantzan parte hartzeko. Bestetik, Argentinako Tandil hiriko Betirako euskal dantzari taldeko 11 dantzari ere izango dira biharko emanaldian.

Tandilgo dantzariak bi astez Euskal Herrian dira, bertako dantza irakasleekin prestakuntza jasotzeko eta euskal dantzarien arteko harremanak sendotzeko. Zuberoan eman dituzte lehen egunak, eta ondoren Eibarrera etorri dira, Dantzan eta Kezkako kideekin euskal dantzan trebatzeko. Euskal Herria ezagutzeko hainbat txango, museo eta ikastaro ere egiten ari dira, eta datozen egunetan Donostian Argiakoekin eta Iruñean Dugunakoekin ere jasoko dituzte ikastaroak.

Bisita iaz Argentinan egindako lanaren jarraipena da. 2025eko urrian, Kezkako hiru dantzari —Josu Garate, Ainhoa Larrañaga eta Oier Araolaza— Argentinan izan ziren euskal dantzaren inguruko proiektu batean. Argia dantza taldearen Martin Zalakain ikuskizuna prestatu zuten Argentinako 25 dantza taldetako dantzariekin, eta Buenos Aires, Cañuelas, Bahia Blanca eta Tandil hirietan aritu ziren irakasten. Tandilen, ikuskizuna 2025eko azaroaren 1ean eskaini zuten, 250 euskal-argentinarren parte-hartzearekin.

Eibarren, Tandilgo dantzariek Kezkakoekin ezpata-dantzan trebakuntza trinkoa jaso dute, eta irailaren 8an Arrateko dantzarien kofradiako gainerako kideekin batera parte hartuko dute urteroko ezpata-dantzan. Arrate Egunean ez ezik, ostegunean argentinar folkloreko dantza adierazgarrienetako bat, chacarera, erakutsiko diete Kezkako dantzariei, eta Tandilgo Euskal Etxeari eta esku artean duten ondareari buruzko dokumentala ere aurkeztuko dute.

Arrateko ezpata-dantzaren ondoren, Donibane Lohizunen izango dira arratsaldean, Euskal Diasporaren Egunean dantza egiteko. Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldian parte hartuko dute, Pradales Lehendakaria eta gainerako sailburuak bertan direla.

Bestalde, Arrateko ezpata-dantzariak Beasainen izango dira irailaren 12an, larunbatean. Izan ere, aurten 20 urte beteko dira Igartzako ezpata-dantza eraberritu eta martxan jarri zenetik, Arratekoan inspiratuta. Kezkak eskainitako laguntza eskertzeko, Beasaingo Igartzako ezpata-dantzarekin batera aritzera gonbidatu dituzte Arrateko dantzariak, eta Tandilgo Betirako taldeko kideak ere bertan izango dira.

Arrateko ezpata-dantzaren egitaraua

  • 11:00: Ezpata-dantza mezan.
  • 12:00: Ezpata-dantza prozesioan.
  • 12:30: Ezpata-dantza eta trokeo-dantzak zelaian.

 

ARGAZKIA: Martin Zalakain ikuskizuna Tandilen (Argentina) ospatu zen Euskal Aste Nazionalean. Ikuskizuna Argentina eta Uruguaiko 25 dantza taldek egin zuten elkarlanean. 2025-11-01. Argazkia: Oier Araolaza.