Argentinako Betirako dantza taldeko hamaika kide Eibarren dira egunotan

Tandilgo dantzariak euskal dantzan trebatzeko eta euskal kulturaren ezagutzan sakontzeko etorri dira Euskal Herrira, eta irailaren 13ra arte izango dira bertan.
Argentinako Betirako dantza taldeko hamaika kide Eibarren dira egunotan
Betirako dantza taldeko kideak Kezkako zenbait dantzarirekin Eibarren, 2026-09-03. ITURRIA: Dantzan.eus
2026/09/03 13:39
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Tandilgo (Argentina) Betirako euskal dantza taldeko hamaika kide Eibarren dira egunotan, euskal dantzan trebatzeko eta euskal kulturaren ezagutzan sakontzeko. Irailaren 2an iritsi ziren Eibarrera, eta hemendik egingo dituzte datozen egunetako joan-etorriak.

Egonaldian, Euskal Herriko hainbat dantza talderekin entrenatu eta formazio saioetan parte hartuko dute. Eibarren, Kezka Dantza Taldeko dantzariekin egingo dituzte saioak, eta harreman horren barruan Arrateko jaietan ere parte hartuko dute.

Irailaren 8an, hain zuzen ere, Kezkako dantzariekin batera arituko dira Arrateko Amaren ezpata-dantzan. Egun horretan bertan, arratsaldean, Donibane Lohizunera joango dira Euskal Diasporaren Eguneko ekitaldi instituzionalean parte hartzera. Irailaren 12an, berriz, Beasainen izango dira, Igartzako ezpata-dantzarien egunean, eta han ere Kezkako dantzariekin batera egingo dute dantza.

Euskal dantzak eta Argentinako folkloreak bat eginda

Euskal dantzan sakontzeaz gain, Betirako taldeko kideek Argentinako folklorearen erakusgarri bat ere ekarri dute Euskal Herrira: chacarera. Dagoeneko Maulen erakutsi dute dantza hori, eta Euskal Herriko beste talde batzuekin ere partekatuko dute.

Euskal Herrira abuztuaren 30ean iritsi ziren, eta lehen egunak Maulen eman dituzte. Bertan, Aitzindariak elkarteko kideekin dantza-entsegu eta formazio saioak egin dituzte. Irailaren 13ra arte iraungo duen egonaldian, besteak beste, Donostia, Bilbo, Gernika, Zarautz eta Iruñea bisitatuko dituzte.

2025ean hasitako harremanaren jarraipena

Betirako taldearen bisita 2025ean Tandilen ospatutako Euskal Aste Nazionalean sendotutako harremanen jarraipena da. Orduan, Argia dantzari taldearen Martin Zalakain ikuskizunaren egokitzapena prestatu zuten Argentina eta Uruguaiko 25 euskal etxetako dantza taldeek, Euskal Herriko dantzari eta musikariekin elkarlanean.

Eibarrera egindako bidaia Gure Etxeak sustatzen duen Herentzia bizia kultura eta formazio proiektuaren barruan kokatzen da.