Asier Sota, aktorea: "Barruko amorrua bideratzeko mekanismoa da foballa askorentzat"

Asier Sota, aktorea: "Barruko amorrua bideratzeko mekanismoa da foballa askorentzat"
2017/04/05 eta kitto!
Antzerki Jardunaldiak agurtzeko, Borobil Teatroa taldekoek “Fuera de juego” / “Jokoz Kanpo” eskainiko dute  gaur, apirilak 5, 20:30ean, gazteleraz, eta bihar (apirilak 6), 20:30ean, euskaraz. Euskarazko bertsioko aktoreak Joseba Apaolaza, Asier Hormaza eta Asier Sota dira, eta azken honek antzezlanaren nondik norakoak kontatu dizkigu. Antzezlanak txartel gorria ateratzen die foballaren inguruan dauden hainbat jarrerei.

 

-Zertan datza ‘Jokoz kanpo’ antzezlana?

Umeen foball entrenatzaile biri egiten zaien epaiketa da berez. Publikoak epaiketa horretan esaten dena ikusten du, eta flashbacka erabiltzen dugu gertatutakoa kontatzeko. Entrenatzaileek elkar joka amaitzen dute. Hori epaiketa hasieran aipatzen da jada, eta elkar jotze horretara nola iristen diren ikusten dugu, biolentzia erabiltzera haurren arteko partidu batean, hain zuzen.

-Zein da zure rola antzezlanean?

Paper ezberdinak egiten ditugu Joseba (Apaolaza), Asier (Hormaza) eta hirurok. Umeak antzezten ditugu, gurasoak, entrenatzaile moduan ere aritzen dira eurak biak, nik aitonarena egiten dut... pertsonaia ezberdinak.

-Nolanahi ere, errealitatean oinarritzen den antzezlana da.

Anartzek (Zuazua) antzerki lan hau egiteko gaia atera zuenean errealitatean oinarritu zen, baina gerora konturatu gara, foballariekin berbetan edo berrietan irakurtzen, errealitateak fikzioa gainditzen duela. Motz geratzen gara batzuetan errealitatean gertatzen dena ikusita. Hori erakusten saiatzen gara eta baita nondik datorren ere, foballarekin zerikusirik ere ez daukala askotan. Norberak barruan daraman amorrua bideratzeko erabiltzen duen mekanismoa da foballa askorentzat.

-Umorearen aldetik tratatzen duzue gaia?

Komedia da, baina oinarri dramatikoa dauka. Jendeak barre asko egiten du, baina Anartzek ere buruan zera zeukan: antzokitik ateratzean ondo pasatu dugula pentsatzea, barreak bota ditugula, baina antzezlanak utzi dizun mezu indartsuaz jabetzea. Publikoak erraz enpatizatzen du. Foball munduko profesionalek ikusi dutenean, egia asko esaten ditugula aitortu digute.

-Horrelako gai serioek eragina izateko, komedia bide ona da?

Bai, bestela mundu panfletarioan sartzen zarelako, eta jendeak betiko berriketaldia moduan hartu dezake eta jaramonik ez egin. Hemen ikusten duguna da egia handi bat kontatzen dela komediatik abiatuta, eta mezua errazago sartzen da. Hala ere, komedia erabiltzeagatik ez diogu gaiari garrantzia kendu nahi. Nahita erabili den tresna da komedia, mezua hobeto sartzeko.