Martitzenean emango zaie azken agurra Joseba Zinkunegi eta Iker Jausorori, 19:00etan Elgoibarko San Barlome elizan

Martitzenean emango zaie azken agurra Joseba Zinkunegi eta Iker Jausorori, 19:00etan Elgoibarko San Barlome elizan
2017/02/27 eta kitto!
Bihar (martitzena, hilak 28) emango diete azken agurra atzo Valdezcarayn San Lorentzo tontorraren inguruan amilduta hil ziren Joseba Zinkunegi eta Iker Jausoro mendizaleei, Elgoibarko San Bartolome Deunaren elizan, 19:00etan.

Elur-raketak erabilita ibilbide bat egiten ari zirela erori ziren mendizale biak. Valdezcarayn egoitza duten Guardia Zibilaren Mendiko Erreskateko Taldeko kideak eta Valdezcarayko langileak istripuaren tokira joan arren, helikopteroa behar izan zuten biktimak handik ateratzeko.

Joseba Zinkunegi “Zinku” kazetaria zen eta ezker abertzaleko komunikazio arduradun izan zen urte askoan, Euskal Herriko Alderdi Komunistako (EHAK) eta Sortukoa, besteak beste. 2007ko urrian Espainiako Poliziak Seguran Batasunaren kontra hasitako operazioaren harira 2008ko otsailaren 11n atxilotu zuten Batasuna, EHAK eta EAE-ANVko beste hamahiru lagunekin batera, eta 50.000 euroko bermea ordainduta 2010eko otsailean laga zuten libre, politikan jarduteko debekuarekin. 'Jon Anza. ¿El último crimen de estado?' izeneko liburua kaleratu zuen Joseba Zinkunegik, Juan Jose Petrikorenarekin (Andoain, 1963) batera, 2011n. Iker Jausorok, bestalde, IMHn egiten zuen lan.