Lierni Ibargutxi
Lierni Ibargutxi

"Jariotik kerizara"

2016/03/09
Sare sozialetako profilak itxi ditut. XX. mendean iltzatuta bizi naiz, seguru. Zalantza eta susmoa ez ditut guztiz aldentzen sare jardunean. Byung-Chul Han pentsalariak Gardentasunaren gizartean zera dio: “Googlek eta sare sozialek, askatasun espazio gisa aurkeztu arren, forma panoptikoak hartzen dituzte. Egun, ohiko ustearen kontra, kontrola ez da egiten askatasunaren eraso gisa. Aldiz, norberak nahita eskaintzen dio bere burua begirada panoptikoari. Jakinaren gainean, panoptiko digitala laguntzen dugu, biluztu eta geure burua erakusten dugun neurrian”. Twitterreko kontua itxi nuela kontatu nion berriki txiolari den bati. Ez nekien zer idatzi eta informazio-jario amaigabeak zoratu egiten ninduen (filosofoak: “Komunikazio eta informazio gehiagok ez du berez mundua argitzen”). Lagunak erantzun zidan, andrazko eta euskaldun izanik, egon behar nuela Twitterren, espazio hori bete, militanteki. Han-ek: “Erakusteak eta ikusgai jartzeak ez dute funtsean boterea lortzeko balio. Hor ez da boterea bilatzen, arreta baino. (...) Boterea eta arreta ez datoz bat. Boterea duenak bestea dauka, beraz arreta lortu nahi izatea ez da beharrezkoa”. Pentsatzeko moduko berbak... Momentuz, behintzat, lasaitua hartu dut jario digitaletik urruntzean, eguzkipean kiskali eta gero, keriza aurkitu berrian bezala.