Lierni Ibargutxi
Lierni Ibargutxi

"Lekuz kanpo dagoena"

2017/03/10
Zenbatetan entzun (eta esan) dugu eibartarrok gure herria zatarra dela? Badakigu topiko bat dela. Donostia polita dela esatea topikoa den moduan. Eta badakigu topikoek ñabardurak ezabatu, ertzak moztu eta singularitatearen aberastasuna lausotu egiten dutela. Badute egiatik zerbait, baina erabatekoegiak izaten dira. Zirt edo zart. Muga zorrotzak jartzen dituzte kategorien artean. Baina mugak zabaldu edo estutu egiten ditugu, faktore askoren arabera. Ederraren eta zatarraren arteko muga haize-zulotsuaz eta aldakorraz pentsatzean, ordea, irakasle batek esandakoa gogora etortzen zait sarritan: zatarra da lekuz kanpo dagoena. Definizio irekia da, kasuan kasuko faktoreak kontuan hartzeko balio digu. Estetikaren eta etikaren arteko loturaz pentsatzera ere eramaten gaitu. Lotura hori oso presente dago hirigintzan. Bien arteko oreka ez da erraza. Askotan, paperaren gainean aldrebesena dirudien espazioan sortzen dira herritarren arteko hartu-emanik ugarienak. Alabaina, gertatzen da, hirigintzaren txukuntasunaren izenean, aldrebesa zen espazioa edertu nahi izaten dugula eta bizitza espazio horretatik desagertu egiten dela: edertzea txukunkeria dela, txukuntasuna baino. Horregatik, ez nator topikoarekin bat. Eibar eta Eibarko hirigintza bihurri eta industrialaren tankera hartzen diedan beste herri eta auzo asko ere gustuko ditut. Hain zuzen ere, espazioaren erabileran eguneroko bizitzak aurrera egiteko bidea, espazio mordoilotuetan bada ere, aurkitu duelako. Eta hori inoiz ez dago lekuz kanpo.