Lierni Ibargutxi
Lierni Ibargutxi

"Antidotoa"

2016/09/16
Ez dakit zergatik den, baina badira urte batzuk uda eta “ikasturte berriaren” artean alderik apenas igartzen dudan. Pentsatzen hasita, udako hilabeteek eta oporrek bat egitea (edo, zuzenean, oporrak) aspaldi desagertutako fenomenoa da askorentzat. Bakazioak izan ezkero, ez ditugu guztiok udan, aldi berean, izaten. Mundu globalizatu likidoan mugak ezabatu egiten direla esaten da… Batzuetan, continuum mugagabe batean bizitzearen sentsazioa izaten dut, izan ere. Hasiera eta amaiera gabeko denbora (denbora eza?) batean bizi bagina bezala. Errepikapen baratu batean. Sentsazio honen kontrako antidotoa argazki album batean aurkitu dut oraintsuan. Aspaldiko eta ez hain aspaldiko irudiak begiratzen hasi naizela, baina, harritu egin nau zein eder ikusten ditudan erretratuetako guztiak. Horrelako distira bat begietan, bristada ardurabako bat aurpegietan eta gorputzetan. Ez da lehen zatar ikusten nituela. Inoiz igarri barik nengoen zerbait da oraingoa, hala ere. Edertasuna esan dut baina, hori baino gehiago, gaztetasuna dela konturatu naiz: lehen ez bezala, orain gazte ikusten ditudala argazkietan agertzen direnak/garenak. Poeta hilen kluba (1989) pelikulako eszena hura ekartzen didate gogora, erretratuetako gazteek carpe diem xuxurlatzen ari balitzaizkit legez.