“Sortzaile amorratua” (Iñaki Zubillaga)

0    Iritzia 
Ana
“Sortzaile  amorratua”  (Iñaki  Zubillaga)
26 Mar
11:51

Ezin gelditu… Gaztetatik izan da mutil mugitua. 1983an sortu zuen Kortatu taldea, 1989an Negu Gorriak, 1997an Dut taldearekin kaleratu zuen diskoa eta, kontzertuekin amaitu eta gero, bakarkako bideari ekin zion Fermin Muguruzak. Jarrera horri jarraituz ibili da munduan zehar eta leku guztietatik musika, politika, esperientziak, borrokak, kontaktuak… denetatik jaso ditu gero kaleratutako dokumentaletan, argazkietan, liburuetan eta diskoetan. “99-04” (DVD+CD), “Afro-Basque Fire Brigate Tour” (argazki liburua+DVD), “Bass-que culture” eta “Zuloak” pelikulak… dira adibide batzuk.
Irungo artistak datorren apirilean 55 urte beteko ditu eta betiko gogoarekin jarraitzen du bere jardueran. Hori bai, aitortzen du insomnioa sufritzen duela, eta pentsatu dezakegu hor dagoela bere hiperaktibidadearen zergatia.
The Suicide of Western Culture Terrassako bikotea da. 2010an hasi zirenetik bi disko kaleratu dituzte. Euren proposamen musikala: drone, postrock, electropunk,… elektromusika. Mutil horiei “El estado de las cosas” (Kortatu, 1986) diskoa eta Sala Zelesten 1993an Negu Gorriak egindako kontzertua izan dira geratu zaizkien bizitza guztirako emozio-zirrarak. Aurrekoa ikusirik, 2017-an Fabra i Coast Bartzelonako ‘Sortzaile Fabrika’-n Muguruzak lan-sormenean zegoela topatu zuen bikotea. Eta lehenengo txispa horretatik “B-Map 1917 +100” diska irten zen.
Bakoitzaren ideiekin hasi zirenean bueltaka, 2/3 abesti egiteko asmoa zuten, eta handik astebetera disko oso bat egiteko materiala zuten esku artean. Berlin, Bogota, Brazzaville, Belgrado, Barcelona, Belfast, Bilbao, Baton Rouge, Buenos Aires… Hamar hiri, hamar abesti, hamar borroka, hamar esperientzi, hamar protagonista. Mutil kataluniarrek erabiltzen dituzten traste elektronikoekin giro astuna, iluna, hipnotikoa sortzen dute… Ferminen ahotsak eta Karlos Osinalderen gitarrak kontrapuntu organiko eta indartsua gehitzen dizkiete.
Ez naiz izan Muguruza-zalea, baina onartu behar dut -eta aldarrikatu-, Berri Txarrak taldearekin batera, Ferminek lortu duela euskal musika eta euskera Espainiako komunikabideetara zabaltzea. Eta azken kasua izan da “Rock De Lux” aldizkariko portada. Hori bai, oraindik galdetzen diote zergatik ez duen espainolez abestu nahi. Eta erantzuten du ez duela zentzurik horrelako galderak planteatzea: “Ez bada nere hizkuntzan ez zait interesatzen jende gehiagorengana heltzea”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »