OLATZ MITXELENA (Idazlea): “Esaten dugunaren eta esaten ez dugunaren inguruan hausnartzeak erakartzen nau”

OLATZ MITXELENA (Idazlea): “Esaten dugunaren eta esaten ez dugunaren inguruan hausnartzeak erakartzen nau”
2023/10/24 12:42
eta kitto!
Udal liburutegiak eta …eta kitto!-k elkarlanean antolatzen duten Harixa Emoten euskarazko irakurketa klubak hile honetan ekin dio ikasturteari, eta lehenengo saioko gonbidatua Olatz Mitxelena (Oiartzun, 1989) izan da. 2021ean irabazi zuen Igartza Sariaren laguntzarekin idatzi du oiartzuarrak “Arrain hezur bat eztarrian”, estilo desberdinetan idatzitako hamar ipuin labur biltzen dituen liburua, eta horren inguruan jardun zuten Ainhoa Aldazabalek gidatutako saioan.

 

Zer eratako ipuinak aurkituko ditu irakurleak?
Ipuin laburrak dira; hori da, beharbada, partekatzen duten ezaugarri nagusia. Gainerakoan, ezberdinak dira forma zein estilo aldetik: badira fantasiara jotzen duten ipuinak eta badira kutsu errealistagoa dutenak ere. Ahots bat baino gehiago biltzen dituzte ipuin batzuek; giro aldetik ere ezberdinak dira: ikasle talde bat agertzen da ipuin batean, bi emakume zahar agertzen dira beste batean… Hein batean, ikuspegia ireki nahi nuen, ipuinen abanikoa zabaldu, probatu. Ezberdintasunak ezberdintasun eta luze-laburrak gorabehera, bada, dena den, ipuinak biltzen dituen beste ezaugarri bat: halako giro bat errepikatzen da ipuin bat baino gehiagotan, ezinegona transmititzen duena, zikina, kirasduna. Eta gaiak ere ezberdinak izanagatik, isiltasunak edo esaten ez denak egiten du oihartzun ipuinez ipuin.

Zergatik narrazioa eta ez eleberria?
Ipuinak gustatzen zaizkit, bai irakurtzeko eta baita idazteko ere. Julio Cortazarri irakurri nion ipuinak argazkien tankerakoak direla; eleberriak, filmen tankerakoak. Errealitatea adierazteko bi modu dira. Niri gustatzen zait ipuinen laburtasuna, giro bat sortzea, pertsonaia bat edo bi erakustea…

Hasieratik ziren hamar? Nolakoa izan da idazketa-prozesua?
Hasieran, proiektua Igartza Sarira aurkeztu nuenean, ez nekien zenbat ipuin izango ziren. Ipuinak idatzi nituen; batzuk gehiago gustatu zitzaizkidan, beste batzuk gutxiago. Bukaeran, entregatzeko epea iritsi zenean, argi nuen idatzi nituenetatik onenak atera nahi nituela liburuan. Batzuk liburutik kanpora geratu dira, beraz; eta erdibidean geratu denik ere bada, Xabier Mendiguren editoreak edo nik ez geniolako ikusten funtzionatzen zuenik. Orokorrean, ikasketa prozesua izan da idazketa: ipuinak idatzi ahala asko ikasi dut.

“Arrakalak” zuen izena proiektuak lehiaketara aurkeztu zenuenean. Nondik dator izenburu berria?
Hasierako izenburuak zauriari edo minari egiten zion erreferentzia: kontatu nahi nituelako gizakion arteko harremanetan edo geure baitan sortzen diren minak, deserosotasun horiek, aitortzea kostatzen zaizkigun horiek. Horiek badaude ipuinetan, baina idatzi ahala konturatu nintzen bazela min edo zauri bat behin eta berriz agertzen zena. “Arrakalak” orokorregia iruditu zitzaidan orduan, eta izenburu zehatzago bat nahi nuen, ipuinetan gertatzen zena hobeto jasotzen zuena. Hala sortu zen “Arrain hezur bat eztarrian”.

Izenburuak badu lotura, hain justu, ipuinak lotzen dituen ardatzarekin, ezta? Esangabekoak, esanezina, ixiltasuna…
Bai. Esan bezala, ezberdintasunak ezberdintasun, ipuinetan behin baino gehiagotan agertzen da isiltasuna: pertsonaiek ez dutelako esaten pentsatzen duten hori, ez direlako ausartzen esan nahi duten hori esatera, edo zail egiten zaielako parekoarekin komunikatzea. Oso interesgarria iruditzen zait komunikazioaren gai hori; mirari bat, ia. Erakartzen nau esaten dugunaren eta esaten ez dugunaren inguruan hausnartzeak, zer eta nola esaten dugun pentsatzeak.

Fantasia eta errealismoa, biak uztartu dituzu…
Biak gustatzen zaizkit. Interesatzen zait, alde batetik, literaturaren jolasa, hizkuntzarena, munduaren logikatik pixka bat ateratzea; eta interesatzen zait, era berean, pertsonaien ñabardura psikologikoetan sartzea eta eguneroko bizitzari begira jartzea. Ez da kalkulatutako zerbait izan, hala ere: ez dut pentsatu “ipuin hau errealista egingo dut eta bestea fantastikoa”. Batzuetan bata atera zait eta besteetan bestea.

… eta umorerik ere ez da falta
Hori ere gustu kontua da. Niri, irakurtzean, gustatzen zait tarteka irribarre bat egitea, ironiak sumatzea. Egia da, era berean, idaztean, uste baino gehiagotan atera zaidala. Gustura sentitu naiz umorea egiten. Ongi pasa dut. Bestalde, interesgarria iruditzen zait gai eta kontu mingotsagoak direnean ere umoreari tartea egitea. Ezer ez delako zuria ala beltza: mina sentitzen ari garenean ere sentitu dezakegulako poza, errealitatea ilun samar jartzen zaigunean ere egiten dugulako barre.

Igartza Saria irabaztea, liburua idazteko aukera izateaz gain, zer izan da zuretzat?
Idazten jartzeko bultzada ezinbestekoa izan da. Lehen ukatu ez, baina nire buruari ez nion aitortzen idazten jar nintekeenik. Idazten nuen tarteka: ideia bat, paragrafo bat, testu laburren bat; baina ez nintzen jartzen serio, lan modura hartuta, idazten. Sariak lagundu dit nire buruari baimen hori ematen: boligrafoa hartu eta koadernoaren aurrean orduak pasatzen.

Lehen liburua argitaratuta duzu, bigarrenik buruan? Hala bada, ipuinen bidetik jarraituko duzu?
Jarraitu nahi nuke nire buruari idazteko baimen hori ematen. Oso gustura sentitu naiz. Gozatu, eta sufritu, egin dut; terapeutikoa ere izan da, neurri batean; bide eder bat zabaldu zait pentsatzeko, gauzak beste modu batera esateko, zenbait kontu esateko… Nire burua ipuinen neurrian irudikatzen dut aurrera begira ere; hori bai.

Zer iruditzen zaizkizu Harixa Emoten bezalako literatura-tertuliak?
Luxu bat. Ederra da irakurleak aurrez aurre edukitzea, zure ipuin, pertsonaia eta gaiei buruz adi-adi entzuten ikustea, galderak eta iruzkinak entzutea, beste irakurketa eta interpretazio batzuk egin daitezkeela konturatzea…

Harixa Emoten egilea