Ekitaldiz beteta dator Ipuruako Merkatu Plazako agenda
Gogotsu eta ekitaldi mordoarekin hasi dute ikasturtea Ipuruako Merkatu Plazan. Adin guztientzako jarduerak programatu dituzte udazkenerako: abesbatza, akuarela tailerra, filosofia solasaldiak, jazz kontzertuak, ingelesa lantzeko saioak, "Maskulinitatearen erronkak" tailerrak eta erakusketa, Marrazketa Jam Session... Helburua da auzoko merkatu plaza izandako eraikina bizitzaz betetzea eta ahalik eta denbora gehien zabalik egotea.
Egitarau potente batekin ekin diote ikasturteari Ipurua Merkatu Plaza Elkartekoek. Urrian urte osorako diren bi ekintza jarri dituzte martxan: alde batetik, Jose Migel Laskurainek zuzentzen duen abesbatza (martitzenetan 19:00etatik 20:00etara) eta, bestetik, filosofia solasaldiak Marisa Iglesiasekin (barixakuetan). Bestalde, akuarela hastapen tailerra izan zuten aurreko asteburuan Santi Entrenaren eskutik, eta "horrek ere jarraipena izango du, beste bi saio egingo baitira", azaldu digu Ipurua Merkatu Plaza Elkarteko Nerea Mendikutek. Pinturarekin jarraituz, Esteban Orozek antolatutako aire zabaleko pintura tailerra egongo da azaroaren 16an. Eguraldi ona egiten badu kanpoan izango da, eta, bestela, erakin barruan, 16:30-18:00 bitartean.
Hiru jazz kontzertu
Musikak ere leku berezia izango du hurrengo asteetan Ipurua auzoan. Hiru jazz kontzertu egongo dira, asteburu honetan lehenengoa (urriak 29, domeka, 12:00etatik 13:30era), eta azaroaren 12an eta 26an besteak. "Swinga izango da, beraz, dantza egitea gustuko dutenek horretarako aukera paregabea izango dute", dio Nereak.
"Maskulinitatearen erronkak" erakusketa asteburu honetan, eta tailerrak hurrengoan
Bihar eta etzi, hilaren 28 eta 29an "Zer gertatzen zaigu gizonoi? Maskulinitatearen erronkak" erakusketa irekiko da. Jarduera horren ondoren tailer batzuk egingo dira, azaroaren 4an eta 5ean, mutil gaztetxoei zuzenduta. Azaroaren 4koa 6 eta 10 urte bitarteko mutilentzat izango da, eta azaroaren 5ekoa 11 eta 13 urte bitartekoentzat. Mutilak erreferentziazko gizon heldu batekin batera joan beharko dira (aita, osaba, aitona, familiako laguna...). Tailerrak Piper Txuria elkarteko kideek emango dituzte (informazio gehiago elkarrizketa honetan). "Iaz neskekin autodefentsa ikastaroa egin genuen, eta aurten Andretxean emango zaio jarraipena. Mutilentzako zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta benetan interesgarriak izango diren tailer hauek antolatu ditugu. Oraindik plaza batzuk gelditzen dira, beraz, parte hartzera animatu nahi ditugu mutil/gizonak. Izena emateko 614 131 174 Whatsappa erabil daiteke", diote antolatzaileek.
Bestalde, azaroaren 18an, Maite Arriagak antolatutako oso ekitaldi original eta polita egongo dela azaldu digu Nereak: "Marrazketari buruzko Jam Session saioa ekarriko dugu Merkatu Plazara. Marraztea gustuko dutenentzako izango da. Bi modelo egongo dira (emakume bat eta gizon bat), eta zuzeneko musika Maite Arroitajauregi `Mursego´rekin".
Azaroaren 10ean ingelesezko saio bat egingo da (guztira bost izango dira, barixakuetan). Britainiarrek gure futbolean duten eraginari buruzkoa izango da, Nerea Mendikutek berak egindako proiektu batean oinarrituta. Gerra zibilaren ondorioz, 4.000 haurrek emigratu zuten 1937an Erresuma Batura eta, horietatik hamabost futbolari profesional bihurtu ziren. "Saio horietan ondoren egingo den erakusketarako materiala joango gara osatzen", esan digu Nereak. Adin guztientzako tailerra da, oso praktikoa, eta ingelesaz gain historia ere landuko da.
Udalari 3.800 euroko abala ordaindu behar dio Ipurua Merkatu Plaza Elkarteak laster sinatuko duten kontzesioarengatik. Dirua lortzeko txapak saltzen ari dira eta, horrez gain, serigrafiatutako arropak saltzeko asmoa daukate. Horregatik, asteburu honetan hurbiltzen direnei kotoizko arropak eramatea eskatzen diete (kamisetak, jertseak, haurtxoen arropa, oihalezko poltsak...). Bildutakoa hurrengo asteburuan serigrafiatuko dute eraikinean bertan.